Gorputza garela argi asko dakigu ikusi, sentitu eta pairatzen dugun zerbait delako. Hura zaintzea eta elikatzea errazagoa da orain, urte batzuk atzera baina informazio eta aukera gehiago ditugulako. Ados, baina, gorputzarekin batera, gorputza baina sotilagoa den zerbait gehiago bagarela ere ohartzen hasiak gara azkenean. Berriki gizarteratu den gorputz-gogamen binomioaz hitz egiten ari gara jada, euskaraz, agian, terminologia eta informazioa eguneratzen ari den arren. Funtsean, aspaldiko kontu bat da, modu desberdinean teorizatu eta ulertu dena: Platon-en garaitik, Descartes-etik aurrera, Ekialdeko korronteetara (Ayurveda, Budhismoa, Daoismoa) igaroz... Denek gorputz-gogamen auziaz dihardute.
Horren haritik, norbere buruaren ezagutzan eta zaintzan diharduen gizaki orok gogamenean jarri behar izan du azkenean arreta. Euskaraz, agian, gaia ez dugu gehiegi gizarteratu. Hortaz, gogamena diodanean gaztelaniazko mente hitza erabiltzen ari naizela adierazi nahi diot irakurleari. Gogamenak, laburki esanda, pentsamenduak, pertzepzioak, irudipenak, sentsazioak...kudeatzen ditu. Eta azken buruan, gogamenaren kudeatzaileak gu geu gara.
Hona heldu garelarik, gaurko gogoetaren mamia hauxe da: gorputzari zer jan ematen diogun bezain garrantzitsua dela gogamenaren elikadura, bien arteko elkarrizketa bat baita gure existentzia.
Hain zuzen ere, zer energietara konektatzen garen, zer ikusten dugun, zer irakurtzen, zer nolako musika entzuten dugun, norekin konpartitzen dugun gure denbora, nolakoa den gure barne bakarrizketa... Hori guztia eta gehiago da gogamenaren elikadura eta bagoaz hemen ere pixkanaka kontzientzia esnarazten. Gogamenaz hitz egitea zailagoa da, ikusezinari buruz mintzo garelako. Alabaina, epe luzera begira, ikusezinean lan egiteak ikus daitekeen horretan lan egiteak baino onura gehiago ekartzen dizkigula garbi daukat. Zuhaitza dugu irakasle xumea: bere egungo garaiera baina sakonagoak diren sustraietan hasi zuen lanari esker lortzen du ikusgarria den gaurko bizimodu oparoa.
Konklusio gisa, azken ideia batzuk: eman diezaiogula garrantzi gehiago gogamenaren esparru sotilari, etorkizuneko zuhaitzaren gure sustraiei; ez gaitzala zoriak, norabide gabe, alde batetik bestera eraman; eta jakiekin selektiboak eta exigenteak bihurtu garen modu berean, izan gaitezela, geure buruari zor diogun maitasun propioagatik, gogamenaren erreinura datorkigunarekiko ere selektibo bezain zorrotzak. Nolako sustrai, halako zuhaitz garelako edo, beste modu batera esanda, zer pentsa, hura izan.