Maratoia

Asier Odriozola 2022ko urr. 21a, 07:00

Maratoiaz ez eta zertaz idatz nezakeen oraingoan? Berriki gure herriaz aritu naiz eztabaidan Gipuzkoako beste herri bateko lagun batekin (ez da garrantzitsua nongoa den aipatzea) eta beste behin ere irudi txarraren zantzuak somatu nizkion. Batek daki zergaitik baina Lasarte-Oriak badu herri kaxkarraren mamua, ia beti ezagutzen ez dutenen ahotan. Badut beste lagun bat halakoetan gauza bera dioena: esan dezatela Europa osoan zaldiak, karreratako autoak, munduko txirrindularitza froga, nazioarteko atletismo lasterketa edo eta golf zelaia dituena edo izan dituena, aerodromoa ez aipatzearren. 

Zerrenda luze horri Euskararen Maratoia erantsiko nioke nik. Euskal Herria ez da oso handia baina udalerri askoz dago osatua eta beste inon ez dute antzeko ekimenik martxan jartzeko adorerik izan. Eta ez Lasarte-Oriak erronka hori zabaldu ez zuelako, baizik eta lekukoa ez duelako inork hartu. Orain hain guztionak diren Belarriprest eta Ahobizi figurak ere gurean sortuak dira eta ez da kasualitatea, bai baitago horretarako ekosistema. Asteburu honetakoa hamargarren aldia du Maratoiak eta horrek garbi erakusten du ez duela atzera bueltarik. Aurten gainera inoiz baino gogotsuago egingo zaio harrera Maratoiari, pandemiagatik “lau urtetik behinekotasuna” pikutara joan zelako eta Euskaraldiarekin harreman estuan ospatuko delako. Azken bi ohar: ez da dena argia, euskarak halako ekitaldien beharra izatea ez baita seinale ona eta bestalde, gozatu nire partez, bidaia bat tarteko, hamaikagarrenaren zai naukazuelako. Sentitu, prestatu eta batez ere, ekin!!!