Duela 20-22 urtetik sortutako ia guztia bildu du Jokin Goenaga Miner herritarrak, udalarekin elkarlanean argitaratu berri duen Nere musikak liburuan: ehun abesti baino gehiago, bederatzi kapitulutan banatuta. Partitura tradizionalen ordez, QR kodeak erabili ditu, sakelako telefonoarekin eskaneatu, entzungailuak konektatu eta abenturari ekiteko. Azalean bertan topatuko dute irakurleek itxura bitxiko aurreneko laukitxoa, musikariaren YouTube kanalera eramango dituena, horretan ere sartuta baitago lasarteoriatarra. Imajinazioa baino, orduak falta zaizkio esku artean duen guztia aurrera eramateko, baina gogotsu ari da.
Noiz bururatu zitzaizun sortutakoa liburu batean biltzea?
8 urte nituenetik jotzen dut akordeoia. Nire sormen lanaren mugarria duela 20-22 bat urte ezarri nuen, I love the new accordion koadernoa egin nuenean. Horren ostean konposatzen jarraitu dut, ez soilik instrumentu hori jotzen dutenentzat, baita ere piano jotzaileentzat, txarangetan dabiltzanentzat, soka instrumentuak eta soinu kaxa ere probatu ditut... Koaderno ugari egin ditut. Urte batzuen ostean, egin nuen lan guztiak euskarri batean jasotzea bururatu zitzaidan, baina ez era tradizional batean, formatu berritzaile batean baizik. Hala uste dut nik. Musikari askorekin partekatu dut eta esan didate originala iruditu zaiela lana euskarri fisiko batera eramateko modua. Seme-alaba eta bilobei kontatzeko moduko zerbait egin dut (barreak).
Zein da formatu hori?
Argitu nahi dut ez naizela honetatik bizi. Profesionala ez naizenez, diskoak-eta ez ditut grabatu, sortzen ditudan abestiak YouTuben publikatzen ditut eta bideoak sortu, nahiz eta ez naizen horretan aditua. Garrantzi gehien duena musika da, dudarik gabe.
Bururatu zitzaidan aplikazio horretara igotako guztia QR kodeen bidez eramatea liburura, eta euskaraz zein gaztelaniaz dauden testu txiki batzuekin laguntzea, sarrera moduan. Smartphone-arekin eskaneatu eta entzungailuekin kantaz kanta joateko planteamendua egin dut.
'Nere musikak' lana jende askorekin partekatu duzu?
Urte hauetan guztietan sortu dudana euskarri batera eraman dut, ondare bat sortu. Lasarte-Oriako Udal Musika Eskolara eraman dut ale bat, ikastetxeetara ere bai, Donostiako Carlos Santamaria liburutegira, kontserbatoriora... Horrez gain, Internetek eskaintzen dituen baliabideei esker, nire sormen lan guztia herrialde askotara eraman dut: Madril, Bartzelona, Galizia, Txina, Brasil...
Ehun abesti baino gehiago, bederatzi kapitulutan. Lan itzela.
Afizioz egiten dut hau guztia, ez ofizioz. Hori esanda, afizio serioa da hau: ordu asko sartu ditut, ez dakit zenbat, egia esan. Etxeko zereginekin guztiok laguntzen dugu, baina denbora asko pasatzen dut ordenagailuaren aurrean, sortzen, lanean. Telebistari begira gutxitan ikusten naute (barreak).
Zeintzuk dira atalak?
Esan bezala, bederatzi dira: Akordeoia, Pianoa, Lasarteko kantak, Soka musika-tresnak, Ganberako jokoak, Akordeoia hastapena, Musika elektronikoa, Moldaketak [abesti ezagunenak] eta John Box. Azken horrekin beste kanal bat eratu nuen YouTuben, eta izena aldatu: Vermut Music da orain. Izenak dioen bezala, giroa sortzeko musika da, lasaia, mokadutxo bat hartzerakoan entzuteko modukoa.
Eratu dituzun atalen artean, ba al duzu kuttunen bat?
Lehen hiruak: akordeoiarentzat zein pianoarentzat sortutako piezak eta Lasarteko kantak izeneko kapitulua, herriko elkarte, jai eta auzoei eskainitako kantuak jasotzen dituena, urtero danborradan jotzen dugun Lasarteko martxa, adibidez. Beste seiak ere gustuko ditut, noski.
Abestiak konposatzea, bideoak egitea, QR kodeak sortzea, testuak idaztea... Prozesu asko daude 'Nere musikak' liburuaren atzean. Zer izan da zailena?
Konplikatuena txarangentzako partiturak egitea izan dela esango nuke, talde horietan erabiltzen dituzten instrumentuak ez ditudalako akordeoia bezain ongi ezagutzen. Bateratu egin behar dira denak, koordinatu, eta hori ez da nire espezialitatea. Hala ere, esango nuke ez dudala lan txarra egin, abestietako batzuk jotzen dituztelako.
Nola inspiratzen zara?
Ez dut aparteko sekreturik: lana, lana eta lana. Ez naiz mendi buelta bat egitera joaten ideiak izateko, ez zait bonbillarik pizten. Egun batean nire buruari esan diezaioket 'Bals bat sortuko dut', beste egun batean 'Ba oraingoan, charleston bat', eta horrelako piezak sortzeko probak egiten hasten naiz instrumentuekin. Oso garrantzitsua iruditzen zait lanean aritu bitartean bururatzen zaidana idaztea edo grabatzea, bestela ahaztu egiten baitzait hurrengo egunerako.
Akordeoiarekin hasi zinen baina instrumentu gehiagorekin ere sortu duzu musika.
Mundua zabala da, eta musika ere bai, gogoa nuen gauza berriak egiteko, esperimentatzeko. Pianoa, soka instrumentuak, perkusioa...probatu ditut. Azken atalekoa, John Box izena duena, gauetan egiten hasi nintzen, teklatu elektronikoarekin. Berezi samarra da.
Liburua ireki, eta hitzaurrea. Horrela amaitzen duzu: "Mila esker nire gurasoentzat. Beraiek sartu ninduten mundu musikal honetan".
Aitak akordeoia maite zuen. 'Akordeoi bat izan banu txikitan, munduko txapelduna izango nintzateke', esaten zuen. Gurasoek sartu ninduten mundu musikal honetan. Ez ginen aberatsak baina ahalegin handia egin zuten: ni akademia pribatu batera eraman, instrumentuak erosi... Honaino iritsi naiz hasieratik gustatu zitzaidalako, baina haiei esker ekin nion.
Gogoan duzu esku artean izan zenuen lehen akordeoia?
Bai, noski! Etxean daukat, eta ongi funtzionatzen du. Paolo Soprani bat da, italiarra, 80 baxukoa. Pandemiaren aurretik, alaba eta bere lagunekin atera nintzen jotzera behin.
Zergatik gustatzen zaizu horrenbeste instrumentu hori?
Akordeoia instrumentu oso espresiboa da, hauspoa duelako. Jotzen duzun nota bakoitzari indar gehiago edo gutxiago eman diezaiokezu, zuk kontrolatzen duzu; birika bat bezalakoa da. Zenbat eta lotuago egon akordeoira, orduan eta errazagoa da maneiatzeko, iristen zara sentitzera bat zaretela instrumentua eta zu. Oso berezia da hori.
Zenbat balio du akordeoi batek?
Akordeoi merkeak ez daude, txarrak baizik. Lehen esaten nuen gurasoek ahalegin handia egin zutela nik instrumentu hori jotzen ikasteko. Lehenengoak zenbat balio zuen ez dut gogoratzen, baina bigarrenak bai: gaur egungo 800 bat euro, esate baterako. Duela 40 urte diru asko zen.
Ez da bigarren eskuko gitarra bat erostea bezala, adibidez. Akordeoi batek ez ditu 100 euro balio, 1.000 eurotik gora balio dute, bigarren eskukoek gutxiago eta berriek gehiago noski. Kontzertistek, esate baterako, 30.000 euro ingurukoak erabiltzen dituzte.
Aurretik konposatuak izan diren piezak jotzea eta hutsetik sortzea gauza bera al dira?
Musika interpretatzea eta sortzea bi gauza oso desberdin dira. Badaude musikariak aurretik egin dena jotzera mugatzen direna, ezer berririk egin gabe. Hobeto ala okerrago, bietan ari naiz ni, sormen eta imajinaziorik ez zait falta. Ilusioa egiten zidan nire lana liburu batean argitaratzea.
'Nere musikak' euskarri fisikoan eskuratu nahi dutenek nora jo behar dute?
Ez dakit, norbaitek halakorik proposatuz gero udalari galdetu beharko nioke. Hark ordaindu du argitalpena: ideia izan nuenean, Kultura sailekoekin jarri nintzen harremanetan eta gustatu zitzaien egitasmoa. 200 aleko tirada atera genuen, aurkezpenean banatu nituen batzuk, herrian zehar uzten ari naiz beste batzuk...
Liburua argitaratuta, zer duzu orain esku artean?
Kantu herrikoien bilduma bat egiten ari naiz, eta azkenaldian emanaldiak egiten ditut adinekoen egoitzetan, bereziak horiek ere, hiru gauzatan oinarrituta: zuzeneko musika, akordeoia eta entzun nahi dutena entzuleek erabakitzea. 'Jokin Goenaga naiz eta ez dakit zer joko dudan gaur', aipatzen diet: 'Zuek esan behar didazue'. Batek, Realekoa dela eta ereserkia entzun nahi duela; beste batek, bals bat; gazte garaietako erromerietako kantuak... Oso esperientzia politak izaten ari dira. Eguneroko errutinatik ateratzen dira, dantzan hasi eta irrintziak botatzen dituzte.
Bilduma hori gero eta handiagoa da, zenbaitetan egiten dizkidaten proposamenak ere sartzen ditut. Uneotan horretan ari naiz, ordu faltan, esan baitut ez dela nire lanbidea, hiru seme-alaba ditut... Ez naiz aspertzen (barreak).