Entzuteko liburua

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 3a, 10:00

Jokin Goenaga Miner musikari lasarteoriatarrak Nere musikak liburua aurkeztu du kultur etxean. Irakurtzeko modukoa da, jakina, baina, batez ere, entzutekoa. 110 abesti, 110 doinu, 110 melodia bildu ditu. Horiek ezagutzeko, aski da sakelako telefono bat (QR kodeak eskaneatzeko) eta entzungailuak.

"Ordu asko sartu ditut, ikaragarri; zenbaezina da lan honi eman diodan denbora". Jokin Goenaga Miner lasarteoriatarrak hunkituta aurkeztu du Nere musikak liburua, musikariak bere bizitzan zehar sortu duen guztia jasotzen duen bilduma. 110 abesti jaso ditu bertan, bederatzi kapitulutan banatuta, "musika estilo bakoitzaren arabera". Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean ondu du proiektua, eta aurkezpen prentsaurrekoan sortzailearekin batera eseri da Agustin Valdivia alkatea. "Ohi baino lan gutxixeago egin dut [bota du, umorez], goizean aritu bainaiz Nere musikak entzuten. Ederra da egin duzuna, oso pozik gaude, ahal dugun heinean jarraituko dugu gure herriko artistak babesten".

Diziplina ugari

110 abesti horiek askotarikoak dira. Akordeoiarekin sortuak batzuk, erritmo kaxarekin beste batzuk, teklatu elektronikoa erabili du... Eta etorkizunean herriko edozein txarangak jotzeko moduko piezak ere egin ditu, Lasarte-Oriako auzo eta historiaren omenez: Okendoko palmondoa, Zabaletako gaina, Sasoetako txalapartariak, Oriatik Lasartera... Ez harritu festa eta bestelako ospakizunetan entzuten hasten bagara melodia horiek.

Goenagak aitortu du berarentzat zailena dela "abesti bakoitza sortu eta gero partitura batean idaztea". Lan izugarria eta nekaza izanagatik, oso gustura egin du. Familiari eskerrak eman dizkio, "laguntzagatik eta pazientziagatik", eta gurasoei batez ere, haiek sartu zutelako musikaren munduan. 

Nire musikak liburuaren ale bat eskuetan hartu, sakelako telefonoa piztu, entzungailuak konektatu eta gozatu Goenagaren lanaz: "YouTube aplikazioan bideo ugari sortu ditut, batzuetan partiturak ikusiko dituzue eta auzoen omenez direnetan, argazki historikoak". Gehiago saltseatu nahi duenak, bila dezala Jokin Goenaga eta Vermut Music kanaletan. Azken horretan asteburuko trago (bermuta, adibidez) eta pintxoa dastatu bitartean entzuteko kantuak bildu ditu. Ez da batere plan txarra egun hauetarako.

Jokin Goenaga (ezkerretik hasita, lehena), zenbait ahaiderekin batera, aurkezpena bukatu ostean.
Liburuak sinatu ditu Goenagak.