Jokin Goenaga musikariak QR formatuan aurkeztu ditu bere lanak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 17a, 09:46

Musika erakusketa ireki du musikari lasarteoriatarrak Mercero gunean. Formatu berritzailean aurkeztu ditu bere lanak, eta horiek entzuteko ezinbestekoa da 'smartphone'-a erabiltzea

Zortzi urterekin hasi zen Jokin Goenaga (Lasarte-Oria, 1967) musika eskolan. "Aita zenak afizio handia zuen akordeoiarekiko, eta gurasoek hala nahi zutelako" hasi zen instrumentu hori ikasten. Ez da sekula damutu. Lasarte-Oriako Santa Cecilia akademian hasi zuen musikari ibilbidea, eta gero, Donostiako Kontserbatorioan, Akordeoiko goi graduko irakasle titulua lortu zuen. Akordeoiaz gain, pianoan ere moldatzen da.

Musikari ibilbidean, askotariko estilotako melodiak sortu ditu, eta orain, idatzitako lan horiekin, erakusketa musikala ireki du Mercero gunean. 107 obra jarri ditu entzungai, baina ez edozein modutan; QR formatuan agertu ditu melodia guztiak jendaurrera. Ikus-entzuleak, telefono mugikorrarekin QR kodea eskaneatu, eta Goenagak sortutako doinuaren bideo bat jasoko du. Hortaz, sortutako lanak entzun ahal izateko, ezinbesteko da smartphone telefono adimendunarekin eta entzungailuekin bertaratzera. 

Instrumentua hartu eta sortu
Horrela egiten du Goenagak. Akordeoi edo piano aurrean jarri, eta erritmoan pentsatzen du lehenengo. Hori finkatuta duenean, doinua jotzen hasi eta  sortzen doana idatziz egiten ditu partiturak. Beste batzuetan, berriz, ideia bururatzen zaio, eta hortik abiatuta sortzen du melodia.
Bederatzi multzotan banatu ditu erakusgai jarritako 107 doinuak, eta horietako multzo bat Lasarte-Oriako abestiekin osatu du. Hain zuzen ere, Lasarteko Martxa, Himno de la peña Palomo Linares, Oriatik Lasartera, Sasoetako Txalapartariak, Zabaletako gaina eta Okendoko palmondoa dira bere herriari eskainitako melodiak. Euskal Herriko eta Espainiako hainbat herritan erosi dituzte Goenagaren lanak, baina Frantzian, Alemanian eta Israelen ere badituzte musikari lasarteoriatarraren melodiak. 

Bihar eguerdiko 12:00etatik 14:00tara irekiko ditu ateak erakusketak, eta datorren astean, berriz, 18:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera.