Ttakun Kultur Elkarteak ohi bezala ospatuko ditu Gabonak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 16a, 10:02

Eguraldiak laguntzen badu, San Tomas azoka Okendora itzuliko da hilaren 21ean. Bestela, Oriarte Landaberri institutuan egingo dute.

Heltzear diren Eguberriak ohiko formatuan ospatuko ditu Ttakun Kultur Elkarteak, Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean, pandemiak eragindako moldaketak atzean utzita. Gauzak horrela, San Tomas azokarekin irekiko du egitarau berezi hori hilaren 21ean, asteazkenarekin. Eguraldiak laguntzen badu, Okendo plazan aurrera eramango dute festa, 17:00etatik 20:30era; euria eginez gero, berriz, Oriarte Landaberri institutura eramango dute. Hiru egun geroago, ongietorria egingo diete Mari Domingi, Olentzero eta lagunei.

Taloak, txistorra, gaztainak, sagardoa... Ospakizun horretan ohikoak diren jaki eta edariak kontsumitu ahalko dituzte herritarrek azokan. Ttakun KEk berak jarriko duen postuaz gain, herriko zenbait eragile eta talde ere animatu dira parte hartzera.  San Tomas eguneko protagonista nagusietako bat, txerria, plazan bertan (eguraldi txarra egiten badu, Oriarte Landaberrin) jarriko dute ikusgai. Horrez gain, kultur egitarau bat prestatu du euskara elkarteak: Xumela korua eta Oaintxe in deu txarangakoen emanaldi bateratua, bertsolariak, Plaza Dantza egitasmoko lagunek egingo duten dantzaldia eta Ttirriki Ttarraka musika eskolakoen emanaldia. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte baserritar jantzi eta San Tomas azokara bertaratzera. Hilaren 21a hurbildu ahala emango dituzte zehaztapen gehiago, www.txintxarri.eus atari digitalean zein hilaren 23ko Gabonetako zenbaki berezian jasoko ditugunak.

Mari Domingi eta Olentzero 

Hiru egun geroago jaitsiko dira herriko txikienen pertsonaia kuttunenak, hilaren 24an: Mari Domingi eta Olentzero. Herrian bertan izango dituzte zain hiru lagun maitagarri: Xixuko ahatea, Mari Teilatuko eta Porrotx pailazoa. 

Goizean lan egin beharko dute Mari Domingik eta Olentzerok: haurren eskutitzak jasoko dituzte Antonio Mercero gunean, 12:00etatik 14:00etara. Ekitaldi horretara joan ahal izateko, herritarrek txartelak eskuratu behar dituzte Ttakun KEren bulegoan (Geltoki kalea 4, behea), hilaren 22an, ostegunarekin, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Gutunen jasoketa hasi aurretik, herriko ikastetxeetako haurrak kantuan ibiliko dira erdigunean barrena: 10:15ean hasiko dira, Isla plazan. Bukatutakoan, Landaberri eta Sasoetako guraso elkarteek prestatutako txokolate goxo eta beroa jango dute. 

Mari Domingi, Olentzero eta lagunak kalejiran aterako dira arratsaldean, 18:00etan, Loidibarren pilotalekutik. Ordu erdi geroago Okendo plazara iritsi, eta ekitaldi koloretsu bat egingo dute.

Erlazionatuak

Taloak nola egin ikasi dute herriko gaztetxoek

Txintxarri Aldizkaria 2022 abe 15 Kultura