Lasarte-Oria herriaren sorrera, milaka udalbatzar, urrezko ezteiak, zaldi lasterketak, kirolak... gure herrian jazotako era guztietako gertaerak argitaratu ditu Txema Vallesek duela 30 urtetik hona idazten duen orrialdean. Baina Lasarte-Oriako historiarekiko duen zaletasuna txikitatik datorkio. Izan ere, Dorre etxean jaio zen. Harekin izan gara bere lehen pausoak eta urte hauetako errepaso bat egiteko.
Nola hasi zinen korrespontsal lanetan?
Ni 1983ko abenduaren 27an hasi nintzen korrenpontsal lanetan.
Elektronikoa nintzen ni, baina kirolaria nintzen, futbol jokalaria, eta maila garrantzitsuetan jokatzen nuen.
Kirol arloan hasi nintzen lanean La Voz de Euzkadi-n eta politika eta gizarte gaiak Iñaki Eskisabel zenak egiten zituen. Urtebete egin genuen, baina ez zuten ordaintzen.
Imanol Lizardi, nire lagun handia, Diario Vasco-n zegoen.Carlos Garciari postua utzi zion, eta honi gogorra egiten zitzaiola aipatu eta niri esan zidan probatzeko.
Orduan Egin edo Diario Vasco-ra jo behar zenuen. Imanolen proposamena onartu nuen eta gaur egunera arte.
Zein izan zen zure lehen kronika?
Nire lehen kronika inozentada bat izan zen, noski. Gaur egun institutua dagoen tokian, ahateen lakuan dinosauro hezurra aurkitu zutela idatzi nuen eta jendea hurbildu zen bigiratzera. Horrelako istorio asko egin izan ditut inuzente egunean.
Gero, kirola oso gogoko dudanez, saskibaloi kronikak Coliasek egiten zizkidan; Imanolek ere laguntzen ninduen.
Gizarte gaiak pixkanaka egiten hasi nintzen. Orduan ez ninduten ezagutzen eta leku guztietara joan behar nintzen. Hazia landatzen joan nintzen eta gaur egun edonork gera-tzen nau kalean.
Atzera begira, 30 urte hauetako esfortzuak eta lanak merezi izan dute.
Lana ongi egin duzunaren seinale...
Ez dakit ongi egin dudan edo ez. Pluralista izaten saiatu naiz. Guztiei leku bat egiten. Betiere, lan egiten dudan komunikabidea kontuan izanik.
Baina oso zaila da guztiak asetzea eta momentu oso zailak bizitzen dira, presio politikoak, etab. Nire burua informazioaren toreatzailetzat dut.
Baina kronikaz gain, areto-futbola ere idazten duzu?
Bai, hasieratik. Kronika idazteaz gain, kirol arloko albisteak ere egiten nituen.
Kirolaria nintzenez, areto-futboleko jokalari eta erkidegoko mailan jokatutakoa, bada kirol erredakzioan egon nin-tzen.
Gaia menperatzen nuenez, Pedro Gabilondok lanak ematen zizkidan eta Michelinen jokatzen zuen SANSE taldearen kronikak egiten nituen edo Atocha-ko aldageletako elkarrizketak, etab.
Gerora, areto-futboleko kronikekin hasi nintzen. Gaur egun, Gipuzkoako areto-futbol saila nik idazten dut. Badira ia 25 urte hori egiten hasi nintzela.
Lasarte-Oriaren eraketa bizi izan duzu?
Lasarte-Oriako gaur egungo historiaren eskribaua izan naiz, beste hainbat pertsonen artean. Herria eratu zenetik gaur egunera arte.
Nik garapen guztia bizi izan nuen: udala nola sortu eta osatu zen, Zumaburun egiten ziren behin behineko udalaren batzarrak...
Baita eraldaketa ere?
Urbanistikoki asko aldatu da eta horrek pena ematen dit.
Modernoagoa da, baina nire ustez, hain gustuko dudan oroimen historikoa, Lasarte-Oriaren historia nolabait ezabatu da. Gauza gutxi geratzen da, Ama Brigitarren komentua, eliza eta honen ondoko etxeak.Beste guztiak oroitzapenak dira.
Oroitzapen eta oroimen historikoaz ari zarela, zuk artxibo bat duzu...
Nik txikitan Lasarte-Oriarekin zer ikusia zuten egunkari edo aldizkari zatiak biltzeko zaletasuna nuen.
Eta gerora, artxiboa eratzen joan naiz. Nire bizitzako ordu asko egin ditut honetan. Nire ondarearen zati bat da, herriaren historia da eta herriaren eskura egon behar du.
Pena ematen dit Udalak hau zaindu ez izana. Herriaren identitatea mantentzeko artxibo bat garrantzitsua da. Gauza puntualak egin dira, baina ez dago jarraipenik.
Herriaz gain, lan egiteko modua ere asko aldatu da...
Ni Olivetti batekin eta kalkoarekin hasi nintzen lanean, eta 30 urte hauetan teknologiak asko aldatu dira.
Argazkiak errebelatu eta handitu... jendea harritu egiten da egunero orrialde bat nola egiten genuen azaltzean. Eta gainera, egitera iristen ginen.
30 urte hauetan bizipen asko izango dituzu, ezta?
Denetarik dut. Bizipen ederrak eta gogorrak.
Herrian kultura talde garrantzitsuak izan dira, baina kirola oso gogoko dudanez, niretzat Jon Tecedor zena eta Maialen Chourraut ezagutzea oso garrantzitsua izan da.
Ez bakarrik haiek lortutako kirol emaitzengatik, baizik eta haien kalitate pertsonalarengatik.
Jon Tecedorrekin oso lotura estua izan nuen. Jon oso kirolari ona zen bere arloan, halterofilian, eta lortu zuena, Olinpiadetan zortzigarren izatea, oso garrantzitsua izan zen. Gainera, Euskadiko sei orduetan parte hartzea lortu genuen.
Bestalde, Udalaren 10. urteurrenean, langileei egindako omenaldian egin zidaten aipamena dut gogoan, edo Hipodromoan iaz egin zidaten omenaldia. Izan ere, zaldiak nire zaletasunetako bat dira, futbola eta txirrindularitzarekin batera.
Gogorrak ere aipatu dituzu?
Bai, hiru egoera oso gogor bizi nituen. Batetik, Hipodromoko zubiko lanetan Gurutze Gorriko lagun baten eta langile baten heriotza ikusi nuen. Ni argazkiak ateratzen nengoen, gizona itotzen ari zen eta ezin nuen ezer egin. Oso gogorra izan zen.
Bestetik, Miguel Angel Blancoren eta Froilan Elesperen hilketak daude.
Miguel Angel Blancoren kasuan, lehen kazetaria izan nintzen bertara iristen. Gurian zerbait hartzen ari nintzen Tourra ikusten nuen bitartean, anbulantzia ikusi eta jarraitu egin nuen.
Bestalde, Elespere hilketaren ostean, herrian egoera oso konplikatua izan zen, eta hori ere bizi behar da.
Omenaldia egingo dizute gaur...
Ez dakit egingo didaten guztia eskertzeko gai izango naizen. Gainera, gaur 55 urte betetzen ditut.
Beraz, berezia izango da gauza askorengatik, esate baterako, gaur bestaldean egongo naizelako, nik ez dudalako horren berri emango.
Polita da horrelako omenaldiak jasotzea eta, batez ere, bizirik zaudenean. Izan ere, horrelakoak hildakoan egin ohi dira.
Horregatik, badaezpada, eskerrak eman nahi dizkiet guztiei. Jose Perezi ideia izateagatik, lan talde guztiari, parte hartuko duten elkarte eta taldeei.
Eta nirekin 30 urte hauetan lan egin eta lagundu didaten guztiei, Udaleko idazkariak, prentsa arduradunak, udaleko euskararekin lagundu zidaten Imanol Lizardi, Pablo Suberbiola, Juanito Bereziartua, Iñaki Arruti...
Kazetaritzari dagokionez, Porru, Iñaki Eskisabel zena, Arkaitz Illarramendi, Aitor Azkonobieta, zu zeu, Nerea Navarro, Ainara Hernando, Mari Karmen Ormazabal, Maider Azurmendi, Jon Altuna, Oxan Altuna, Arantza Artola...
Eta ezin ahaztu ditut nirekin batera lanean egon diren Lozanoren semea, Mikel Ormazabal, Idoia Garzes, Miguel Gutierrez, Vanesa Murga, Laura Roux, Aitor Moreno, Maider Domingo, Andoni Marin, Maria Cortes eta, noski, Irati Zatarain. Oso eskertua nago guztiekin.
Agian norbait utzi dut, baina espero dut inork ez gaizki hartzea.