Azken Ostiralak, plazatik fanzinera

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 2a, 08:43
Ezker-eskuin: Ioritz Iparragirre, Idoia Telleria, Isa Fernandez de Agirre eta Ander Casado. Argazkia: Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordea.

"Urteak dira Azken Ostirala egiten dugula herrian, eta gaur egun Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordean gabiltzan herritarrok dinamika horri buelta bat ematea erabaki genuen urte hasieran, erakusteko presoen gaiak zerikusia duela beste borroka eta ertz batzuekin". Ander Casado lasarteoriatarraren hitzak dira, aipatu batzorde horretako kideetako batenak. TXINTXARRI-rekin elkartu, eta urteko azken hilabeterako prestatutako egitasmoen berri eman du: batetik, hilaren 7an Azkenak! izeneko fanzinea aurkeztuko dute Agora tabernan, 19:00etan; eta bestetik, enkante kolektibo bat egingo dute 16an, Tiburtzio Artizar tabernan, 18:30etik aurrera.

Aurrenekoa hilaren 7an egingo dute, asteazkenez, Agora tabernan, 19:00etan. Fanzine bat aurkeztuko dute, Azkenak! izenekoa. Irakurleek zer topatuko dute aldizkaritxo horren orrietan? Esate baterako, presoen aldeko batzordeak herriko beste norbanako eta elkarte batzuekin egindako lanketetako testuak. "Urtarrilean tortura jorratu genuen; otsailean, dispertsioa; martxoan, feminismoa; apirilean, nazioarteko gatazketako presoen egoera; ekainean, sexu askapena; eta irailean, memoria". Casadok azaldu duenez, lanketa horietako bakoitzerako sortutako testuak "txukunak" zirela ikusi zuten, eta orduan bururatu zitzaien horiek paperera eramateko ideia. Idatziez gain, fanzinearen ale bat eskuratzen dutenek ilustrazio eta argazkiak ere ikusiko dituzte, lanketa bakoitzeko bana. Herriko bost sortzailek parte hartu dute, Casadok jakinarazi duenez: Ione Zabala, Sara Etxeberria, Isa Fernandez de Agirre, Idoia Telleria eta Aitzol Iriondo. Maketazio lanak, berriz, Uxune Iparragirrek egin ditu. "Hasieratik izan dugu argi elkarlanean sortuko genuela fanzinea", adierazi du Casadok. Testu eta irudiez gain, hitzaurretxo bat izango du. Aurkezpenera joaten den herritarrek aukera izango dute Azkenak! erosteko. Horrez gain, sortzaileek sortu dituzten lanekin erakusketa jarriko dute taberna horretan bertan.

Enkante "kolektiboa"

Bigarren jarduera egun batzuk geroago egingo dute, hilaren 16an, ostiralarekin, Tiburtzio Artizar tabernan, 18:30ean. Enkante "kolektibo" bat antolatu dute. "Ez genion zentzurik ikusten baliabide gehiago dituzten norbanakoek eskaintza altuagoak egiteari, eta horregatik, erabaki dugu taldean egingo dugula: kuadrillan, familian...parte hartu ahalko dute herritarrek, denen artean botea jarrita", azaldu du Casadok. "Fanzinea osatzen duten sei laminez gain, zenbait pertsonak  eskuzabalki eman dizkiguten produktu ugari subastatuko ditugu". Ekimen horren aurkezleak Bea Egizabal eta Intza Alkain izango dira, enkantea "ahalik eta dinamikoena" izatea baita antolatzaileen helburua. Salerosketak bukatu eta gero, Casadok iragarri du kontzertu bat emango duela Eñaut Zubizarreta Trigger musikariak, 21:00etatik aurrera.

Bi horiek izango dira bi jarduera nagusiak, baina ez bakarrak, izan ere, urtero legez, hilaren 31n mobilizazio bat egingo dute herrian barrena. 2023 hasierarako, berriz, Sare Herritarrak antolatutako manifestazio nazionala eta Harresi Guztien Gainetik taldearen XII. Errezitaldia dituzte agendan apuntatuta.

Lanketekin, "pozik"

Presoen aldeko batzordeko kideak "pozik" daude Azken Ostiralei eman dieten bueltarekin. "Ikusten genuen jende bera elkartzen ginela hilabetero, eta zabaldu egin nahi genuen presoen gaia, bistarazi lotuta dagoela beste aldarrikapen eta ertz batzuekin". Casadok aurreratu du datorren urtean jarraitzeko asmoa dutela. "Proba egin dugu aurten, eta funtzionatu duela ikusi dugunez, gogotsu gaude dinamikarekin jarraitzeko, herriko norbanako eta eragile gehiagorekin elkarlanean aritzeko".

Azken Ostiralei beste itxura bat emateaz gain, batzordeak sare sozialetara jauzi egin du berriki. Twitter kontu bat sortzeaz gain, Telegram kanal bat ireki dute. Euskarri horien bidez ere emango dute egiten ari direnaren berri.