Presoen komunikazio eta osasun eskubideak errespetatzeko eskatu du Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 29a, 10:56

Urteko lehen Azken Ostirala egin dute Lasarte-Oriako Sarek deituta. 60 bat herritarrek parte hartu dute ekintzan, eta mobilizazioa amaituta, idatzi bateratuaren berri eman dute. Horrez gain, tortura ere hizpide izan dute otsailaren 13an ospatuko baita Torturaren Aurkako Eguna.

2022ko lehen hilabetea amaitzear dela, Azken Ostirala jardueraren inguruan hainbat herritar batu dira ostiral iluntzean. Elizatzen elkartu eta Okendora bidea egin dute, ohi bezala. Plazan idatzi bateratua irakurri dute, hilabetean gertatutakoei errepasoa eginez.

Francisco Jose Ramada presoak bihotzekoa izan zuen hilaren 21ean Martuteneko espetxean zegoela. Irungo presoari eta haren gertukoei besarkada bat bidali zieten eta lehenbailehen sendatzea opatu. 21 urte egin ditu espetxean eta hirugarren gradua lortzeko baldintzak betetzen dituela zehaztu dute; baina hura gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten 19 euskal preso politikoak bezala, Ibon Fernandez Iradi herritarra barne, aske uzteko eskatu dute. "Presoen osasunerako eskubidea guretzako gai nagusia da, ezinbestekoa. Izan ere, kondena luzeek eragindako narridura fisikoak eta espetxeko bizitzak kalte nabaria eragin diote kolektibo honen osasunari, gainera,  batez besteko adina nabarmen igo da", aipatu du Ixiar Arteagak. Horri gehitu behar zaio azken urteotan koronabirusak espetxeko osasun baldintzak are gehiago okertu dituela ere. 

Testuinguru horretan, beste behin presoen osasunerako eta komunikatzeko eskubideen urraketekin bukatzea eskatu dute. Hala nola, antigenoen miaketa masiboak eta ohikoak presoentzat; koarentenetarako espazio nahikoak egokitzea; gutxienez telefonoz komunikatzen jarraitu ahal izatea hori gertatzen denean; egin ezin diren bisak berreskuratzea.  Espetxearen alternatibak askatasunaren ikuspegitik, berriz, "gaixorik dauden presoak aske uztea, hirugarren graduak, eta zaurgarrienetatik haratago, presoak aske uztea da eskatzen duguna; izan ere, euskal preso askok zigorraren zati handi bat bete dute dagoeneko , eta justizia arrunta aplikatuta, aske irten beharko lukete", gehitu du Arteagak.

Ikuspegi berriak

Urte berriarekin batera,  Azken Ostiralak zenbait gairen ikuspegitik lantzeko asmoa dute. Hala nola, tortura, dispertsioa, internazionalismoa, transexualitatea... Atzo torturaren aldetik begiratu zioten. Izan ere, hilaren 13a Toturaren Aurkako Eguna baita, 1981ean Joxe Arregi hamar egunez torturapean izan ondoren hil zuten eguna, eta gai horri lotutako idatzi bat irakurri zuten. 

Era berean, Tipularen sehaska kanta dokumentala herrira ekartzeko ahalegina egiten ari direla aipatu zuen Arteagak. Lanak espetxea eta gaixo dauden presoen kasuak lantzen ditu, Fernandez Iradi, besteak beste.

Ondoren, Ernairen izenean  hitz egin zuen Izar Agirretxek. Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren auziaren berri eman zien plazan bildutakoei. 2016an izandako sabotaje baten harira iaz epaitu zituzten, armak egiteko materiala zutela egotzita. "Argi dago garai bateko fase politiko batean iltzatuta nahi gaituztela eta gazteriaren aurka errepresioa erabiltzen jarraitzen dutela poliziak eta Estatuak, orokorrean. Askatasunaren alde lanean dabilen herri baten aurkako eraso bat dela". Bi hilabeteren buruan aurreikusten dute sententzia plazaratzea, une horretan atxilotuak izango dira, lau urteko espetxeko zigorra  betetzeko. Ankerkeria Stop plataforma sortu zuren haien ingurukoek eta handik etor daitezkeen deialdiekin bat egitera dei egin zien bertaratutakoei. 

Amaitzeko, talde argazkia egin zuten otsailaren 8an urteak beteko dituen Jabi Gallagarentzat.