Emakumeak eta kartzela, Azken Ostiraleko ardatz

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 25a, 20:48

Hilabetero bezala presoen eskubideen aldeko ekintza egin dute iluntzean. Aurten hasitako dinamikarekin jarraituz, abagunea baliatu dute haiei lotutako gai baten gainean arreta pizteko. Martxoaren 8aren harira, emakumezkoek espetxean bizi duten egoera izan dute hizpide. 

San Pedro elizaren alboan elkartu dira beste behin. Pankarta eusten zuten hiru neska gazteak ez dira ohikoak ezta Sare eta Etxeraten adostutako idatziaren edukia kontatu duena ere. Pili Kastresanak hartu du ardura hori gaur. 

Pandemia hasi zenetik bi urte baino gehiago igaro badira ere, presoek eta senideek oraindik neurri murriztaileak jasan behar dituztela salatu dute. "Denbora gehiegi seme-alabei, adineko senideei besarkadarik eman gabe. Egoera jasanezina da eta ez du inolako zentzurik". Dagoeneko zentzurik ez duen egoera horrekin amaitzeko eskatu dute, eta espetxea ez den beste aukera batzuk "ausardiaz planteatzeko" garaia dela berretsi: "preso gaixoak kaleratu, hirugarren graduak, eskumuturreko telematikoak eta baimenak emanez". Halaber, Euskal Herriko periferian dauden 69 presoak euskal espetxeetara hurbiltzeko ere galdegin diote Espainiako Gobernuari.  Amaitzeko, Yvan Volonna preso korsikarra Arlesko espetxeko beste preso batek hil zuela ere gogoratu dute. 

Okendo plazarantz abiatu aurretik, bi ohar egin nahi izan dituzte. Batetik, bertaratutakoak gonbidatu dituzte bihar, larunbata, Okendo Zinema Taldeak antolatutako euskal dokumentalen zikloaren barruan proiektatuko duten Tipularen sehaska kanta dokumentalaren emanaldira; zikloan sartu izana eskertu diete kideei.  Kartzelan gaixo egon direnen ahotsa jasotzen du, "diskurtso politikoaz harago doan hizkuntza" erabiliz osasunerako eskubiderik ez duten presoen babes falta erakusten du. "Hori dena ikustera joatea eskatu nahi dizuegu, ekimen hau babestea", eta Kastresanak gehitu du, bere ustez, ekarritako dokumentalek "kontatzen dute gure herriaren historiaren pasarte batzuk. Beti esaten da kontatzen den historia hor geratzen dela, baina kontatzen dena bakarrik. Guk ez badugu gure historia kontatzen ez du inork egingo, ez da inon agertuko. Baina kontatu eta ikustera ez bagoaz, ez du lagunduko beste batzuk ere kontatzera". 

Bestetik, Osasunaren Nazioarteko Eguna apirilaren 7an da. Anbulategi aurrean elkartuko dira 19:00etan eta ekintzan parte hartzera deitu ditu bertaratutakoak. 

Emakumeak eta kartzela

Plazara iritsi eta biribilean jarri dira, ohi bezala. Asunak eta presoen lantaldearen izenean, emakumezkoek espetxeetan bizi duten egoeraz mintzatu dira. 

Azaldu dutenez, espetxeak binarismoa "are modu bortitzagoan" indartzen du, gizarte neoliberal eta heteropatriarkalak ez duelako aurreikusten emakume batek ezer txarra egin dezakeenik; beraz, espetxea ez da emakumeentzako pentsatutako espazioa. Aldi berean, espetxearen helburua "emakume txarrak hartu eta emakume onak produzitzea, emakume on bihurtzea" da. 

Kartzelak bere baitan dakarren biolentzia gizartearen isla dela nabarmendu dute, espetxe sistemak indartu egiten du desberdinkeria soziala, genero, arraza eta klase ardatzetan. "Zer hauspotzen da eta zer zigortzen da kartzelan? Zer alde dago gizonezkoen eta emakumezkoen kartzelen artean?" Galdera horien gainean gehiago jakin dute Oihane Bakedano, Olatz Altuna, Maite Aranalde eta Usoa Olaiarekin ostegun arratsaldean izandako solasaldiari esker. Haien hitzetatik ondorioztatu dute honakoa: "Urrunago daude, bakartuago eta espetxeko esperientzia ez da bera". Tailerrak genero rol eta estereotipoei lotuta daude, janzkerarako trabak dituzte, sexu harremanak debekatuak edo oztopatuak... Ez diote, ordea, subjektu aktibo izateari utzi eta "horri aurre egiteko erresistentzia, aliantzak eta borroka ere gorpuztu dituzte". 

Iruditeria eta transmisioaz ere aritu dira eta galdetu, "kasualitatea al da herriko gazteok orain arte Lasarte-Orian Usoaz ezer gutxi jakitea?" Eta Olaiaren gogoeta batekin amaitu du hitz hartzea. "Olaiak dio kartzela ezlekua dela, inor ezin baita bertan eroso sentitu, baina horren barruan denak ez daude egoera berean". Horregatik, feminismotik begiratu eta hausnartzeko beharrari azpimarra egin diote.  

Erlazionatuak

Kartzelaldia emakumeen ahotsetatik

Txintxarri Aldizkaria 2022 mar 25 Gizartea