Lasarte-Oriako PPko bozeramaile Alejandro Saenzek ez du maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako bere burua hautagai gisa aurkeztuko, ezta Batzar Nagusirakoa ere. Jakinarazi du, probintzia mailako zuzendaritzari orain hilabete eman ziola erabaki horren berri.
Adierazi du ia zortzi urtez PPko bozeramaile gisa aritzeko "zortea" izan duela. Horietatik lau (2015-2019 legealdia) zinegotzi gisa igaro zituen, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere lanean aritu da nabarmendu du (2019-2023 legealdia).
Gailendu du datozen hauteskundeetan "boto polarizazio handia" egon daitekeela, eta EH Bilduk "muskulua" irabaz dezakeela: "Ezin dugu onartu EH Bilduk zuzendutako gobernu munizipalik ezta foralik ere, krisi garai hauetan suspertze ekonomiko eta sozialean aurrera egiten jarraitu nahi badugu".
Bidenabar, oharra baliatu du lasarteoriatarrei eskerrak emateko, baita politikagintzan aritu den urte guztietan harremana izan duen gainerako kide eta entitateei ere, denon onurarako elkarlanean aritzeko erakutsitako prestutasunagatik: "Plazer handia izan da, eta sekulako zortea".