EH Bildu izan da datorren urteko maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen alkategaia aurkezten lehena: Esti Garmendia Arrieta. Zinegotzi gisa ari da legealdi honetan, eta urrats bat gehiago egitea erabaki du, alderdiaren zerrendaburu izango baita. "Harro nago inguratzen nauten pertsonez eta lantaldeaz; niretzat pertsonalki zein profesionalki mugarri izan den azken urte honetan erabat zainduta eta babestuta aitortu behar dut; hori izan da bilgunearen proposamenari baietz erantzuteko arrazoi nagusia".
Modu originala erabili dute EH Bilduko kideek misterioa argitzeko. Nor da nor? joko ezagunaren taula planoan jarrita ekin diote proiektatu duten ikus-entzunezkoari. Ondoren, alkategaiaren ezaugarriei buruzko galdera sorta bat erakutsi dute, non galdetuak izan diren zenbait herritarrek erantzun duten. Pistak eman ahala, taulatik fitxak kendu dituzte, bakarra geratu den arte, Garmendiarena. Ezustean eta emozioz jaso dute albistea Antonio Mercero gunera bertaratu direnek, eta txalo zaparrada luze batekin zoriondu zerrendaburu izendatu berria. Ondoren, berak hartu du hitza.
Udal gobernua, "noraezean"
Garmendiak nabarmendu du "prest" dagoela EH Bildu, datozen urteko udal bozak ekarriko duten erronkari erantzuteko. "Jabetu gara zeinen garrantzitsuak izango diren udal hauteskundeak; gure herriarekiko konpromisoa berretsi nahi dugu". Jakinarazi du "buru-belarri" ari direla lanean alderdian, zerrenda eta hauteskunde programa osatzeko. "Izango duzue gure berri datozen hilabeteetan: ilusioa badugu, eta lanerako gogoa ere bai". Horrekin batera, gaur egungo udal gobernuaren jarduna kritikatu du: "Noraezean dabil".
Alderdiak eratu du hauteskunde batzordea, eta behin alkategaia nor izango den iragarrita, herriko bilkideek onetsi beharko dute.