PSE-EEko alkategai izatea "ohore handia" dela nabarmenduz hasi du hitzartzea Valdiviak, eta, berretsi du, maiatzeko hauteskundeen ostean hasiko den legealdi berrian ere herritarren interesak lehenesten jarraitu nahi duela: "Alkatetzatik lasarteoriatarren esanetara egotea lehenetsi dut beti; hurbilekoa izaten eta herritarrak entzuten ahalegindu naiz kargua hartu nuenetik". Bide beretik jarraitu asmoz, PSE-EEren alkategai gisa aurkeztu du bere burua, eta esan du, umiltasunez hartzen duela bere gain erronka.
Uste du lan handia dagoela egiteko, eta Lasarte-Oriak baduela etorkizuna. Sozialistek herriarentzat inbertsio garrantzitsu eta beharrezkoak barne hartzen dituen proiektu bat dutela ere bai, eta horien artean aipatu ditu Atsobakar zelaia edo kiroldegi berria. Klima aldaketaren aurkako erronkaz ere mintzatu da.
Gogora ekarri ditu baita ere alkatetzara iritsi zeneko uneak. Nabarmendu du "egoera berezi batean" hartu zuela kargua, Jesus Zaballosek dimisioa eman ondotik izan zela, eta beragandik jasotako laguntza eta babes guztia eskertzeko tartea ere hartu du. Horrekin batera, pandemia garaiak ere izan ditu hizpide, baita Ukrainako gerra eta horrek ekarritako ondorioak ere. Gertaera horiek guztiez hitz egin du, bere alkatetza nola baldintzatu duten kontatzeko. Baina horri, udal gobernu taldeak nola aurre egin dion ere ez du bazter utzi, eta, bidenabar, alderdikideei eskerrak eman dizkie egindako lanagatik. Senideak eta horiengandik jasotako babesa ere gogoan izan du.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia izan du ondoan, eta Valdiviak hiru urte hauetan egindako lana balioan jartzeaz gain, erabateko babesa agertu dio hautagaitzari.
Agerraldira joandako alderdikide eta herritarrekin argazkia aterata eman diote amaiera agerraldiari.