Uruguaitarra jaiotzez, Lasarte-Oriako udal korporazioko hamazazpi zinegotzietako bat da Tolosa gaur-gaurkoz. 2015ean sartu zen politikan, eta urtebete geroago Euskadiko Herritarren Kontseilu Autonomikoko kide izan zen. Horrekin batera, Podemoseko Euskadiko finantza arduraduna izan zen, 2018ra arte, eta 2019ko autonomia eta udal kanpainetako hauteskunde administratzaile kargua bete zuen. Aurtengo maiatzean Tania Rodriguezen zinegotzi kargua hartu zuen.
Bere burua politikari profesionaltzat ez duen arren, "ilusionatuta" dago Tolosa, "Lasarte-Oriaren alde" lan egiteko. "Ikuspegi sozial batetik gure herriak behar dituen hobekuntzak bultzatuko ditut", adierazi du. Udalerria "aurrerakoi, berdinzale, feministago eta ekologistagoa" izatea helburu duela gehitu du.