Formol Laborategiak 'Album' lana ekarriko du herrira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 3a, 11:53
Argazkia: Formol Laborategia.

Formol Laborategiak Album antzezlanaren emanaldia egingo du datorren asteko larunbatean, hilak 12, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan, 20:00etan. Intza Alkain lasarteoriatarra da antzezleetako bat. Taldeak iragarri du sarrerak eros ditzaketela honezkero herritarrek, Kutxabank Sarrerak atarian edo kultur etxeko leihatilan bertan. 6 euro balio dute.

Sinopsia 

Zer egiten du ostruka batek arrainontzi batean?

Ba al dago denon bistan egon eta ezkutatzea baino gauza miserableagorik?

Derrigorrezkoa al da belaunaldi bat hiltzea hura omendu ahal izateko?

Asko hitz egin izan da gazteoi buruz. Millennialok oinordetzan hartutako erantzukizunak kudeatu ezinean gabiltzanaren diagnosia jaso dugu. Ondorengo hitzekin definituak izan gara: infantilak, prekarioak, frustrazioari intoleranteak, grinarik gabeak, bizitzan galduak, gainformatuak. Ados, sintomatologia guzti hori geure gainean zamatuko dugu. Gure belaunaldiaren etiketen jabe bihurtuko gara.

Baina zer daukagu guk esateko?

Zer espero da gutaz?

Nor gara gu?

Ikerketa hau ez da autopsia bat, ez da erretratu bat, ez da selfie bat. Formol Laborategiaren lehen Albuma da.

Ongi etorri gure kaiolara.