Intza Alkain: "Publiko gaztea antzokietara erakarri nahi dugu"

Nerea Eizagirre 2020ko mai. 29a, 11:00
Intza Alkain eta Mikel Ibarguren 'Maketa' obraren momentu batean. Edurne Azkaratek zuzendari lanak egin ditu. Arg.: Formol Laborategia

Duela urte bete, Aste Santuan zehazki, Intza Alkain lasarteoriatarrak, Edurne Azkaratek eta Mikel Ibargurenek Artedramak Aulestin antolatutako Topaketan bat egin zuten. Ideiak, gogoak eta nahiak konpartitu zituzten saio ezberdinetan eta euren antzerkiarekiko interesak elkarrekin lan egitera bultzatu zituen. Pausoz pauso Formol Laborategia sortu dute eta Gasteizko Gazte Sortzaileak diru laguntzari esker, bere lehen lan motza Maketa aurkeztu behar zuten. Larrialdi egoerak, aldiz, asmoak zapuztu zituen. Intza Alkain (Lasarte-Oria, 1995) herritarrekin solas egin dugu, Formol laborategiari buruz gehiago jakiteko

Zergatik sortu duzue Formol? Zein helburu ditu?

Euskal antzerkigintzan gure alea jarri nahi genuen eta publiko gaztea antzokietara erakarri nahi dugu. Gazteei eta gure belaunaldiko jendeari antzokiak beraientzako lekuak direla esatea beharra dagoela ikusten dugu. 

Gure belaunaldiko gainerako sortzaileekin saretzea ere ikusten dugu.

Belaunaldi hitza oso presente daukagu Formolen. Horrek batzen gaitu, belaunaldi berdinekoak izatea eta nahi batzuk komunak ditugula.

Gazteentzako lanak bakarrik egingo dituzue? Eta gazteei eragiten dizkien gaiak jorratuko dituzue?

Ez, berez, belaunaldi guztientzako lanak eskainiko ditugu.

Pieza labur bat egina daukagu, Maketa izena duena. Horretan bereziki gure belaunalditik hitz egiten dugu.

Horrek ez du esan nahi belaunaldi horretarako bakarrik egingo dugunik. Denontzako izango da eta bakoitzak bere belaunaldiaren arabera istorioa modu batera ulertuko du eta ondorioak aterako ditu.

Obra sortzean, ideiak partekatzen, konturatu garena da gure belaunaldiko jendeak bizitzen dituen gauza asko, nahiz eta gizartea ez izan berdina, oso zabalak direla. Eta nahiz eta testuingurua ezberdina izan, agian hitz egingo duguna belaunaldia guztietarako baliagarria da. Denek bizi dutelako era batera edo bestera berdina edo antzekoa.

'Maketa' lana aipatu duzu...

Gasteizko Gazte sortzaileen diru laguntza jaso genuen eta horren bitartez lehen pieza sortu dugu.

Berez, apirilaren 4an estreinatu behar genuen Baratzar aretoan antolatzen den Zurrunbilo jaialdian, Gasteizen. Baina egoera dela eta, azarora atzeratu dute. 

Guk work in progress bat aurkeztu behar genuen, osatu gabe zegoen lagin bat bezala. Zeren eta publikoarekin kontrastatu nahi baikenuen.

Orain itxialdian lana garatzeko tartea izango zenuten? 
Guri itxialdiak harrapatu gintuen batera geundela, orduan jakin genuen hurrengo egunean konfinatuta egongo ginela. Forma emanda genion Maketa lanari eta hortxe daukagu gehiago ezin izan dugu egin.

Ez dakigu aukerarik izango dugun azaroa baino lehen elkartzeko eta jarraitzeko lagin horri pixka bat buelta ematen edo iritsiko den azaroan egun hori eta orduan izango den lehen aldia itxialdiaren ostean elkartzen garena. Ez dakigu... Beraz, hori daukagu, lagin hori eta ea zer egiten dugun horrekin.

Beraz, larrialdi egoerak zuen jardunean eragin du?

Bereziki egin duguna da genituen testuak berrikusi eta berridatzi.
 
Bestelako lanak ere egin ditugu, diru laguntzak eta elkarteko paper lanak egin… horrela ibili gara. Zeren eta elkartea ere guk sortu baitugu. Paper kontu guztia guk daramatzagu eta berria da guretzako.

Baina sortze prozesuarekin jarraitzea egoera honetan zaila da. Guk daukagun lan moldea  laborategi modukoa ulertzen dugu, horregatik Laborategi izena ere. Eta da elkarrekin, zerotik elkar lanean sortzen hasi, ideiak partekatu, probatu, 'hau ez, hau bai'… harreman hori behar dugu. 

Espero dugu pixkanaka tokiak irekitzen doazen heinean berriro elkartu eta bertan elkarrekin lanean jarraitzea. Bestela uste dut ezingo genukeela distantzia ezer aurreratu. Nik behintzat oso zaila ikusten dut.

Argazkia: Formol Laborategia


Diru laguntzari aipatu dituzu, beharrezkoak dira lehen pausoak ematen dituzunean...

Laguntzarik gabe zail izango genuke aurrera egitea, ze azkenean talde berria gara. Gazteak garen aldetik, hasiberriak. Batu gara eta elkarte, talde edo konpainia aurrera ateratzea oso zaila da babesik gabe. Gogoa eta hori guztia badaukagu eta hori oinarria da proiektu batean aurre egiteko, baina baliabideak ere behar dituzu, ekonomikoak, espazio bat eta horrelako diru laguntzek ahalbidetzen dute.

Baina gogoek bakarrik ez dute ematen proiektua aurrera eramateko.

Saretzea ere aipatu duzu helburu bezala...
Bai, gure belaunaldiko gainerako sortzaileekin sarea sortu nahi dugu. Baita ere ikusteko badagoela jendea, bai teknikoak, bai musikariak… gure belaunaldian sortzen. 

Baina beste belaunaldien laguntza ere jasotzen ari gara. Adibidez Maketa pieza Metrokoadrokak lagunduta egin dugu, beraiek ere lagundu digute pixka bat.

Lanean jarraitzen duzue? 

Sortu dugun Maketa lana, pieza laburra izan behar zuen denbora aldetik. Horrelako piezak formatu txikitan hobeto egiten dira, Maketa horrela sortu dugu guk. 

Baina asmoa dugu sakontzeko eta antzoki batek eskaintzen dizkigun baliabideak aprobetxatzeko obra bat egitea. 
Printzipioz formatu guztietara gaude irekita. Gainera hasi berriak garenez, gauzak egiteko gogoak ditugu. 

Antzerkia musika edo dantzarekin uztartzea, esate baterako.

Zerbait pentsatzen ari gara. Dantza ez, baina musikari bai eman nahi diogula garrantzia eta gure asmoa ere bada zuzeneko musika oholtza gainean jartzea. Ez dakit hau aurrera ateratzen denean nola bukatuko duen horrek, baina gure asmoetako bat da.

Baina ikusi beharko da. Neurri pila ari dira jartzen kultura ekintzak aurrera eramateko eta horrek ere atzera egitera jotzen du. Baina horrela ere nola egingo duzu… Adibidez, guk Maketa publikorik gabe ezingo genuke egin. Behintzat publikoa etortzen uzten badute.

Eta ikusleei iristeko beste formatu batzuk aztertu dituzue? Antzerkia grabatzea, esate baterako.

Grabatzea, ez dakit hori antzerkia den. Guk hain zuzen ere antzerkia egin nahi dugu, zuzenekoa. 

Adibidez egoera hau hasi zenean, guk dena utzi genuen pause batean, sortzeari utzi genion eta niri behintzat mezuak etortzen zitzaizkidan, 'jo, ba moldatu', 'zeozer egin ikus-entzunezkoetan'... Baina hori ez da gurea, orain arte egin duguna antzerkia da eta gu horretarako batu gara, antzerkia egiteko. Eta hori publikorik gabe, hartu-eman zuzenekorik gabe zaila.

Egin dezakegu beste zerbait, baina antzerkia berez ez.