Glu Glu antzerki taldeak Munduari itzulia 80 egunetan haurrentzako lana emango dio hasiera azaroko kultur agendari. Ez da hilabete horretan egongo den antzezlan bakarra izango; Intza Alkain herritarrak eta Formol Laborategiko kideek Album lana eskainiko dute. "Primizia bat da. Herriko taldeen presentzia egotea eskaerari erantzun nahi izan diogu horrekin. Kostata, baina eguna zehaztua lortu dugu," adierazi du Juantxi Ugarte kultur teknikariak.
Haur eta helduentzako zinema atalean, Ricardo Darinen Argentina 1985 filma (azaroak 6) nabarmendu dute. Horrez gain, Okendo Zinema taldearen eskutik Black is Beltza II: Ainhoa (azaroak 11) eta Moonage DayDream (azaroak 25) pelikulak ere ikusgai izango direla aurreratu dute.
Musikaren atalean, azaroaren 11n, Danok Kide elkartearen Musika Topaketen barruan, akordeoi eta tronpeta emanaldia izango da Sut Vie Duoren eskutik.
Azaroaren 19an 19:00etan, aldiz, Zero Sette akordeoi orkestrak Udalaren laguntzaz antolatutako XIX Lasarte-Oria Akordeoi jaialdia egingo da. Bertan etorkizun oparoa duen Radu Ratoi akordeoi jolea eta teklatu eta armonika jole den Antonio Serrano kataluniarra izango dira protagonistak.
Irudia eta musika uztartzen dituen opera denboraldiko emanaldian, azaroaren 9an, Pucciniren Madama Butterfly lanaz gozatuko dute zaletuek. Juantxi Ugarte teknikariaren hitzetan, "duela sei urte eskaini genuen bertsioak urte batzuk zituen. Baina azaroan aurkeztuko dugun hori duela hilabete eta erdi grabatu zen, beraz modernoagoa eta berriagoa da".
Horrez gain, azaroaren 18an Euskaraldiarekin bat eginez, ekimenaren aurkezpena egingo da kultur etxean eta Literatur Lehiaketako sari banaketa ere izango da, azaroaren 19an.
Bestalde, hitzorduen barruan egongo dira Azaroak 25, Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguneko ekitaldiak ere: azaroaren 24an, Beldun Barik lehiaketako sari banaketa eta azaroaren 25ean, Luze eta Motz antzerkia. "Abendura ere luzatuko da egitaraua eta beste bi ekitaldi izango dira: Makelur taldearen eta haur eta gazteei zuzendutako antzerkiak", azaldu du kultur teknikariak.
Azkenik, azaroaren 17tik 27ra, Antonio Mercero gunean, Zurmailu Zurlanketa elkarteko kideen lanak ikusgai izango dira. Astean zehar 18:00etatik 20:00etara egongo da irekia eta asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.