Pandemiak bereziki eragin zien adinekoei eta ospatzeko gogoak pilatuta zituzten. Hiru urte geroago, horiek denak askatzeko nahikoa jarduera izan dituzte azken egunotan, baita merezitako aitortzak jasotzekoa ere.
Ostiral iluntzean askoren bizitzaren soinu bandaren parte diren kantak entzuteko aukera izan zuten. Duo Imperialen errepertorioarekin gaztarora bueltatu ziren, betiko abesti ezagunak kantatu baitzituzten. Bikotearen ahotsei beraienak batu eta txaloekin laguntzera animatu ziren asko, baita, lekuan bertan izan bazen ere, dantza egitera ere.
Festa giroari eutsi zioten larunbatean. Urrezko ezteilak bete zituzten hamabost bikote omendu zituzten. Lehenik, meza berezia egin zuten Brigitarren komentuko elizan. Agustin Valdivia alkatea, Lourdes Acevedo alkateordea eta elkarteko arduradunak lehen bankuan zeuden, haien atzean, berriz, aipatu bikoteak. Elizkizuna bukatuta, jubilatuen egoitzara joan ziren. Bertan, banan bana deitu zituzten bikoteak eta zegokien aulkietan eserita zeudela, oroigarri, lore sorta eta poema bana eman zieten. Alkateak bere adierazpenean ere Mario Benedettiren idatzitako poema bat gogora ekarri zuen, ezkontzetan irakurri ohi duen bera. Opariak jasota, elkarrekin joan ziren Zumaburuko Arantzazuko Ama parrokiara, eskaileratan talde argazkia ateratzeko. Ospakizuna ez zuten hor bukatu. Egoitzan bazkari oparoa partekatu baitzuten: zizka-mizkak, mandarina sorbetea, legatza tipularekin, azpizuna roquefort eta patata purearekin, profiterolak, kafea eta likoreak.
Igandeko menua antzekoa izan da. Mezarekin ekin diote eguna eta Biyak Bateko korua entzuteko aukera izan dute Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan. Hara joandakoak eta beste asko Michelin pilotalekuan elkartu dira bazkaltzeko. Guztira, 65 urtetik gorako 333 lagunek egin dute otordua bertan. Ohi bezala gizonezko zaharrena eta emakumezko zaharrena, Cesar Aparicio Marin eta Asun Etxeberria Elizalde herritarrak, 92 urtekoak biak; ohorezko mahaian eseri dituzte. Alkatea, alkateordea eta Biyak Bateko presidentea mahaikide izan dituzte. Gainerakoak, 80 urteen mugaren arabera jarri dira mahaian bueltan. Bazkaloste luzea izan dute, opariak, omenaldiak eta Ibai Berriak taldearen musikak lagundutako dantzaldia egin baitituzte.