Biyak Bat jubilatuen etxeak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatutako Adinekoen Omenaldi Asteko egun handia ospatzen ari dira. Hilabetearekin batera hasi zituzten ekimenak gaur bukatuko dituzte, aitortza eta dantza artean. Mezaren ondoren, Biyak Bateko koruaren emanaldia entzun dute kultur etxean ,eta handik, Michelingo pilotalekura joan dira elkarrekin bazkaltzera. 333 herritar bildu dira mahaien bueltan. Hiru urteko etenaren ondoren, ohi bezala antolatu dira, 80 urtetik gorakoak eskuin aldean, eta adin horretatik beherakoak ezker aldeko mahaietan. Gizonezko zaharrena eta emakumezko zaharrena –Cesar Aparicio Marin eta Asun Etxeberria Elizalde herritarrak, 92 urtekoak biak–, aldiz, ohorezko mahaian eseri dituzte eta Agustin Valdivia alkatearen albo banatan bazkaldu dute. Arratsaldean, omenaldien eta oparien txanda izango da eta Ibai Berriak taldearen musikak lagunduta dantza egiteko aukera izango dute.