Eguraldi ona besterik ez zaie falta

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 29a, 08:30

Sanpedroek eta beste auzo batzuetako festek bezala, Sasoetako jaiek ere ohiko kolore eta formatua berreskuratuko dituzte aurten. Udalaren laguntzarekin, Sasoeta Sasoian elkarteak "berrikuntza eta sorpresa ugari" dituen hiru eguneko egitaraua prestatu du, "lasarteoriatar guztientzako". Ostiral arratsaldean jaurtiko dute txupina, Andatza plazan, 18:00etan.

Aurreikuspenen arabera, eguraldi txarrak tregoa emango dio Lasarte-Oriari ostiral arratsaldetik aurrera, eta eguzki izpiek argituko dute berriro udalerria. Esperantza hori dute Sasoeta Sasoian auzo elkarteko kideek, ostiraletik igandera ospatuko baitituzte jaiak, hiru urteren ondoren. Aurkezpen prentsaurrekoan onartu dutenez, oraindik ez dira gehiegi fio, eta badaezpada ere eguraldi ona eskatu dute, Agustin Valdivia alkatearekin batera. Azken horrek zehaztu du udalak 3.145 euro emango dizkiola eragileari, egitarauan sartu dituzten jardueren gastuekin laguntzeko. 

Festa ostiral arratsaldean lehertuko da, 18:00etan, Andatza plazan. Aurreko urteetan bezala, Sasoetaren alde lan egin duten auzotar batzuek jasoko dute omenaldi xumea. "Haiek ere ez dakite oraindik, eta horregatik etzira arte mantenduko dugu isilpean", adierazi dute Sasoeta Sasoianeko kideek. Ordu berean Los Chavales de Martija taldeak antolatutako kirol jarduerak hasiko dira, Uzturre plazan. "Eguraldi txarra egiten badu, Sasoeta LH ikastetxeko patioan jardungo dira", zehaztu dute. Lehen esan bezala, aurtengo programan ekimen berriak sartu dituzte. Horietako bat izango da ostiral iluntzeko musika saioa, bi talderen eskutik: Kontraband eta Overloud. Andatzan joko dute, 20:30etik aurrera. 

Danborrada, arretagune

Larunbateko jarduera nagusia 18:30ean hasiko den helduen danborrada izango da. Gautxori txarangako lagunekin batera aterako dira Andatza plazatik eta auzoa zeharkatuko dute. Izena emateko beharrezkoa da Sasoeta Sasoian elkartean izena ematea. "Datu pertsonal batzuk besterik ez ditugu eskatzen, doakoa da", adierazi dute kideek. Horren aurretik, paella jan ederra egingo dute Andatza plazan. Txartelak Bagri liburu dendan eros daitezke, 10 eurotan. Beste berrikuntzetako bat izango da Taula Xake Klubak 16:00etatik aurrera egingo duen txapelketa, Andatza plazan. Gaueko plana, ostiraleko bera: zezensuzkoa eta DJ Nemuxekin batera parranda, 03:00ak arte.

Igandea izango da azken festa eguna. Goizean zehar haurrentzako ekimen ugari aurrera eramango dituzte, eta ondoren, patata tortilla txapelketa. Jakiak 11:00etatik 12:30era entregatu beharko dira Andatza plazan (Sasoeta Sasoianek mahai bat jarriko du), epaimahaiko kideek dastatu eta irabazlea erabaki dezaten. Extremadura Etxeko ordezkari Angel Barrera, Sasoeta Sasoianeko kideetako bat den Borja eta Ventanas Alcarreko dendari Ana Laureano izango dira deliberatuko dutenak. Arratsaldeko lauetan haurren danborrada hasiko da, eta ordu eta erdi geroago bukatuko dira jaiak, amaierako trakarekin.

Agerraldia bukatu aurretik, Sasoeta Sasoianeko kideek jakinarazi dute salgai egongo direla festetako zapiak, 3 eurotan, elkarteak Andatza plazan jarriko duen txosnan.

EGITARAU OSOA

Ostirala 30

  • 18:00etan, txupinazoa eta pregoia, Andatza plazan.
  • 18:00etan, kirol jarduerak Uzturre plazan, LH 3 eta DBH 3 mailen arteko gaztetxoentzat. Eguraldi txarra eginez gero, Sasoeta LHko patioan.
  • 19:00etan, Ostirintxo pintxo potea, taberna hauetan: Txoko, Mostatxo, Jaizkibel, Peña, Txindoki, Santxo eta 2KN.
  • 19:00etan, txikidiskoa Andatza plazan.
  • 20:00etan, txokolate jana, Aitonak okindegiaren eskutik, Andatzan.
  • 20:30ean, zuzeneko musika emanaldia, Andatzan.
  • 23:30ean, zezensuzkoa, Andatzan.
  • 00:00etan, DJ Nemux, Andatzan.

Larunbata 1

  • 11:30ean, tailerrak eta aurpegia margotzeko saioak Dulce Tentacion dendaren alboan, Jaizkibel plazan.
  • 11:30ean, futbolin txapelketa Jaizkibel plazan; gurasoak seme-alaben aurka.
  • 13:00etan, LOZET elkartearen buruhandiak auzoan barrena ibiliko dira.
  • 14:30ean, bazkari herrikoia, Jaizkibel plazan. Txartelak Bagri liburudendan eros daitezke, 10 eurotan.
  • 16:00etan, mus txapelketa Mostatxo tabernan.
  • 16:00etan, igela txapelketa Txindoki tabernan.
  • 16:00etan, xake txapelketa Andatza plazan.
  • 16:30ean, zunba saioa Andatza plazan, Saito gimnasioaren eskutik.
  • 18:00etan, Sasoeta Sasoian elkarteak jarriko duen txosnan pintxo potea (Andatza plaza).
  • 18:30ean, tanborrada eta txaranga. Andatza plazatik aterako dira.
  • 23:30ean, zezensuzkoa, Andatzan.
  • 00:00etan, DJ Nemux Remember, Andatzan.

Igandea 2

  • 11:00etan, puzgarriak, Andatza plazan.
  • 11:00etan, Laser Tag jokoa Tximistarreta parkean. 16 haurrek parte hartu ahalko dute batera.
  • 12:30ean, patata tortilla txapelketa Andatza plazan. Jakiak 11:00etatik 12:30era entregatu beharko dira.
  • 13:00etan, LOZET elkartearen buruhandiak auzoan barrena ibiliko dira.
  • 16:00etan, haurren danborrada, Andatza plazan.
  • 17:00etan, errifen zozketak, Andatzan.
  • 17:30ean, amaierako traka.