Ohi bezala ospatuko dugu aurtengo Santa Ana eguna

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 20a, 12:45
Erketz EDTko dantzariak 12:00etan ariko dira karkaban, hilaren 26an.

Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak Santa Ana egunerako egitarauaren berri eman dute. Azken urteetako ospakizunak COVID-19ak baldintzatu dituenez, egitaraua murritzagoa izan da, baina aurten ez da gauza bera gertatuko. Luntxa, pala txapelketako finalak eta desfilea itzuli egingo dira, eta mezarekin zein parodiarekin osatuko dute hilaren 26rako programa. 

Egitaraua
  • 11:00etan, meza Ama Brigitarren komentuan. Ondoren, luntxa.
  • 12:00etan, Santa Ana karkaban dantzatuko dute Erketz EDTko lagunek.
  • 17:30etik aurrera, pala txapelketako partida erabakigarriak: 3. eta 4. postuarena aurrena, eta final handia gero. 
  • 18:30ean hasita, parodian antzeztuko duten aktoreek herrian barrena desfilatuko dute.
  • 20:30ean, aurtengo parodia, Okendo plazan. Ohi bezala, ikasturtean herrian gertatu direnak umoretik landuko dituzte aktoreek.

Azoka eta pintxoak

Egun berezi horretarako motorrak berotze aldera, udalak artisauen azoka antolatu du igande honetarako, Okendo plazan. 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Horrekin batera, Aterpea elkarteak eta herriko zenbait tabernarik iragarri dute pintxo bereziak prestatuko dituztela, bakailaoa eta piperra oinarri hartuta. Mokadu bakoitzak 2,50 euro balioko du.