Bakailaoa eta piperra ez dira faltako Santa Anako ospakizunetan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 19a, 10:32
Aterpeako zein udaleko kideak eta parte hartuko duten ostalariak, egitasmoaren aurkezpen prentsaurrekoan, Alai tabernan.

Aterpea elkarteak eta herriko zenbait tabernarik Santa Ana eguna ospatzeko pintxoaren egitasmoa aurkeztu dute Alai tabernan. Artisauen azokarekin batera egingo dute, igande honetan. Mokaduen osagai nagusiak bakailaoa eta piperra izango dira, eta prezioa, 2,50 euro. 

Igande honetarako plana: Okendo plazako artisau azokatik buelta bat eman, eta indarrak berritzeko pintxo eder bat jan gero. Edo alderantziz, mokadu bat aurrena eta erosketak gero. Santa Ana eguna gaur zortzi izango da, hilaren 26an, eta motorrak berotze aldera proposamen gastronomiko bat prestatu dute Aterpea elkarteak eta herriko zenbait tabernak. Zehazki, hauek: Alai, Arkupe, Buenetxea, Herriko Etxea, Lasarte eta Zubieta. Ostalarien izenean Jenni Garciak hitz egin du, Arkupeko jabeak, eta herritar oro gonbidatu du pintxoak dastatzera: "Guztiak oso goxoak egongo dira, ziur". 

Elaborazioa nola egin tabernari bakoitzak erabakiko du, baina bi osagai erabili beharko ditu ezinbestean: bakailaoa eta piperra. "Helburua da Santa Ana eguna girotzea eta ospakizun hori sustatzea, Lasarte-Oriakoa delako", nabarmendu du Garciak. Pintxo bakoitzak 2,50 euro balioko ditu.

Ostalaritza sustatzeko

Aterpeako lehendakari Miguel Angel Prieto ere bertaratu da aurkezpenera, eta esan du "oso pozik" daudela elkarteko kideak, bi urteren ostean berriro ere ostalaritza sustatzeko egitasmoak "normaltasunez" egin ditzaketelako. Eskerrak eman dizkio Lasarte-Oriako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Komertzio Sailari, eman duten laguntzagatik.

Udalaren izenean Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezek egin ditu adierazpenak. Azpimarratu du beste urte batzuetan "oso arrakastatsua" izan dela Santa Anako pintxoaren kanpaina, eta aurtengoa ere halakoa izatea espero duela. Adierazi du lasarteoriatarren parte hartzea "funtsezkoa" izango dela horretarako.