Artetxe anaien eta Arteaga lehengusuen arteko lehia izango da Santa Ana Pala txapelketako finalean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 20a, 13:30

Santa Ana Pala txapelketako finaleko bikoteak erabaki dira. Hilaren 19an, Loidibarren pilotalekuan lehiaketako finalerdiak jokatu ziren. Ligaxkako partidetan ez bezala, ikusle ugari izan zuten parte-hartzaileek eta ederki gozatu zuten pala jaialdiaz

Lehen neurketan Jon Pello eta Iker Artetxe – ligaxkako lehen sailkatuak– eta Iñaki Castro eta Eneko Mendizabal bikoteak –sailkapeneko laugarren postua– neurtu zituzten indarrak.

Partida berdindua hasi zen. Bi bikoteek ongi erantzuten zioten aurkariaren erasoei. Artetxetarrek, ordea, inertzia apurtzea lortu zuten eta hamar bat puntu jarraian egin zituzten. 

Castro eta Eneko Mendizabal bikotea saiatu arren, abantaila handitzeko gai ere izan ziren Artetxe anaiak; 30-12 irabazi eta finalerako lehen txartela eskuratu zuten.

Bigarren partida berdinduagoa izan zen. Ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatuak izan ziren aurrez aurre; Jagoba Mendizabal eta Luken Carbayeda bikotea Xabier eta Garikoitz Arteaga lehengusuen aurka. Carbayedak Julen Urruzolaren ordezko jokatu du azken bi partidetan, Urruzolak lan kontuengatik kanpoan egon behar izan duelako. 

Tantoak bata eta bestera  igotzen ari ziren markagailuan. Alabaina, hamazazpina berdinduta zeudenean, Jagoba Mendizabalek eta Carbayedak ezin izan zioten erritmoari eutsi; bi tanto gehiago egin zituzten soilik. 

Arteagatarrak, berriz, fin ibili ziren eta finalerako bigarren postua eskuratu zuten 30-19 gailenduta. Azpimarratzekoa da Xabierrek aurrean zein Garikoitzi laguntzen egindako lana.

Finala eta hirugarren postua 

Santa Ana egunean, hilaren 26an, bilduko dira berriro ere lau bikoteak Loidibarren pilotalekuan. 

17:30ean, hirugarren postua erabakiko da Jagoba Mendizabal-Julen Urruzola eta Iñaki Castro-Eneko Mendizabal bikoteen arteko norgehiagokan. Jarraian, final handia izango da; Artetxetarrak Arteagatarren aurka. 

Neurketa hasi aurretik, Erketz EDTk agurra dantzatuko die bikoteei eta amaitzean, berriz,  sari banaketa izango da. Udalak jakitera eman duenez, txapelketan parte hartu duten bikote guztiek jasoko dut oroigarria.