Egun batzuk igaro dira San Pedro Jaiei amaiera eman zitzaienetik eta udal ordezkariek prestaketen eta jardueran balorazioa egin dute.
Agustin Valdivia alkateak jaiak giro ederrean eta errespetuz igaro direla nabarmendu du. "Herritarrek jaietarako gogoa zuten eta nabari izan da", adierazi du. Hala ere, betiko moduan, gertakari batzuk izan direla jakitera eman du. Gehienak lapurretak izan dira. Eraso sexual baten denuntzia ere izan zen alkateak azaldu duenez: "Taberna batean zirriak egin zioten emakumezko bati. Protokoloa martxan jarri zen. Ertzaintzak taberna itxi eta bertan zeuden pertsonak banaka atera zituen, baina erasotzailea ez zegoen bertan. Beraz, denuntziak bere bidea jarraituko du".
San Pedro Jaietako planifikazioa ongi joan dela ere adierazi du. Ertzaintza eta Udaltzaingoaren elkarlana, Gurutze Gorriarekin egindako hitzarmena eta kale garbiketaren errefortzua izan dira aipatutako arloetako batzuk. Kale Nagusiko mozketak nabarmendu ditu. "Jaietan kalea 24 orduz moztea beharrezkoa ez dela konturatu gara. Ekitaldien arabera egin dira mozketak eta nahikoa dela ikusi dugu," onartu du alkateak. Eta Dial al Sol emanaldiko zerbitzu bereziak ere ez ditu ahaztu, "ongi ibili ziren, baina egunak ez zuen lagundu".
Eguraldia ez aitzaki
Egitarauaren gainean jardun da Txus Alonso Jaietako Batzordeburua.
Prestatutako jarduerak ia bere osotasunean bete zirela aipatu zuen Alonsok. Ekintza bakarra izan zen bertan behera geratu zena; COVID-a dela eta, Iturengo Ttuntturroak ezin izan ziren etorri. Eta eguraldi txarra festetaz gozatzeko aitzaki izan ez dela jakitera eman du. Uztailaren 29ko arratsaldeko zein ekainaren 30eko ekintzetako batzuk moldatu edo lekuz aldatu zirela adierazi zuen. Hala nola, Sasoeta Dance lehiaketa Oriarteko gazte gunean egin zen; Biyak Bat elkarteko kideek lerroko dantza erakustaldia Maialen Chourraut kiroldegian.
Eta euriak Dial Al Sol kontzertuan sortu zituen arazo teknikoak ere aipatu ditu: "Elektrizitate sarean arazoak izan genituen. Andatza plaza jendez lepo zegoen eta taldeek emanaldiarekin aurrera egiteko erabakia hartu zuten. A capella abestu zuten batzuk. Eta hori eskertzekoa da".
Ekitaldi jendetsuak
Orokorrean ekitaldiak jendetsuak izan direla nabarmendu du. Txupinak, danborrada eta batez ere, xexenek eta erraldoi zein buruhandiek duten arrakasta aipatu du.
Egitarauan zeuden berrikuntzei buruz ere aritu da. Pilota partida profesionala, Freestyle erakustaldia eta Gazte gunea nabarmendu ditu izan duten harrerarengatik. Azken gune horretan ere gazteek izandako jarrera azpimarratu du. "Ongi funtzionatu du eta jarduera ezberdinetan izan diren gazteek jarrera ederra izan dute".
Kontzertuei eta dantzaldiei dagokionez, Okendo plazako kontzertuek plaza beteaz gain, ikusgarriak izan direla onartu du. Horien artean, Motxila 21 taldeak eskainitako emanaldia nabarmendu du eta Isla plazan, berriz, Ibai Berriak zein Decada Prodigiosak izandako arrakasta.
Jai amaiera emateko Vulcano pirotekniak egindako su artifizial erakustaldia ere ezin aipatzerik gabe geratu. "Paregabeak izanz iren eta herritar ugarik aipatu digu gustoko izan zituela," aipatu du Alonsok.
Bi ordezkariek herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkiete jaiak giro onean igarotzeagatik. Jai batzordeburuak gainera San Pedro Jaiak osatzen laguntzen duten elkarteei ere eskerrak eman dizkie, baita udal langileei ere. "Bereziki Juantxi Ugarte teknikariaren lana nabarmendu nahiko nuke, hain egoera berezian jaiak hain ongi kudeatu dituelako", aipatu du.
Amaitzeko, 2023ko San Pedro jaietarako proposamenak jasotzen hasi eta laster horiek lantzen hasiko direla jakitera eman du Jaietako Batzordeburuak.