Haur danborrada eta Mariachi Imperial izan dira larunbat arratsaldeko hitzordu nagusiak. Pozik eta gogotsu aritu dira haurrak makilak astintzen. Herritar ugari pilatu da ibilbideko kale bazterretan danborren eta barrilen hotsak entzutera. Arratsaldeko eguzki eta beroak haurrei eragin die, ureztatu egin dituzte noizean behin eta luze egin zaie buelta. Itzal bila aritu dira, aukera zutenean lurrean eseri, eta askaria egiteko parada ere izan dute. Haiek amaitu dutenerako, Mariachi Imperialeko kideak prest zeuden beraien buelta hasteko. Kale Nagusitik, udaletxe aurretik irten behar zuten, baina hala egin beharrean plazatik abiatu dira. Zenbait geldialdi egin dituzte bidean eta haien inguruan jarri dira herritarrak. Abestera eta dantzara animatu dira batzuk, eskariak egin dizkiete ere. Harrera ona egin badiete herritarrek, Ama Birgitarren komentuan ez da bestela izan. Besoak zabalik jaso dituzte bertako monjek, sei mexikarrak dira, eta irribarrea ahoan entzun dituzte jaioterriko kantak.