Lehia eta Nafarroako doinuak izan dira azken egunari hasiera emateko

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 2a, 14:30

San Pedro Jaietako azken eguna iritsi da eta moldaketa batzuk izan dira egitarauan. Gau luzearen ostean, Iturengo Ttuntturroen doinuek herria esnatu behar zuten; ezin izan dute etorri, ordea. Herriko txistulariek hartu dute lekukoa. Erraldoi eta buruhandien konpartsak eta txarangak ere igarriak zeuden arren, arratsaldean haurren danborradarekin aterako dira. Atsobakarreko zelaian zaldi eta gizonen arteko erronka jokatu da eguerdian eta Nafarroako doinuez gozatu dute Isla plazara joan diren herritarrek.

Ezin izan ditugu Iturengo Ttuntturroen hotsak entzun gaur goizean. Udalarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, jarduera bertan behera utzi behar izan da. Gaupaseroen hotsek, ordea, bat baino gehiago esantuko zuten ziurrenik. Gau luzearen ostean, asko izan dira txokolarte jana eta xexenetan izan diren herritarrak eta batzuk gaua luzatu dute.

LOZET elkarteko Erraldoi eta Buruhandiek desfilea ere orduz aldatu dute. Goizean atera beharrean, arratsaldean haur danborradarekin batera egingo dute San Pedro Jaietako azken agerraldia.

Ttuntturroen eta erraldoi zein buruhandien faltan, herriko txistulariek girotu dute goiza herrian. 

Eguerdian, Atsobakarreko zelaian, lau zaldi lasterketa eta erronka berezia izan da. Raul Gomez Margallo eta Gorka Gil herritarrak Guillermo Sanchezek gidatutako zaldiaren aurka lehiatu dira. Gizonek lau itzuli (bakoitzak bi buelta) eman behar zioten ibilbideari eta zaldiak, berriz, sei. Azken metroetan erabaki da lehia. Gorka Gilek estropezu egin eta Sanchezek hori baliatuz lasterketa irabazi du.

Goizari amaiera emateko, Voces Navarras taldearen doinuek bete dute Isla Plaza. Nafarroako jotak zein Kantabriko aldeko doinuek itzal bila zebiltzan entzuleak asetu dituzte.

Erlazionatuak