Elkartasun egunari hasiera emateko manifestazioa eta bazkari gozoa izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 2a, 14:55

Sorgin Jaiak-ek Elkartasun egunari manifestazio batekin eman dio hasiera San Pedro Jaietako azken egunari. Herriko kaleetatik barrena ibili dira eta Okendo plazara iristen, Euskal Presoen egoeraren inguruan jardun dira. Euskal Presoak ere gaur San Pedro Jaietan presente egotea nahi zutela adierazi dute manifestazioaren antolatzaileek. Ostea, Elkartasun bazkariak hartu ditu plazako arkupeak. Herritar ugari bildu da goizetik prestatzen aritu diren jaki gozoak dastatzera.

Bazkalostean, parte hartu nahi duten guztientzat tonbola izango da. Sari ederrak eramango dituzte zortedunek. Arratsaldean, berriz, poteo berezia izango da, bertso poteoa. Bost bertsolarik –Lierni Rekondo, Julene Iturbe, Eli Pagola, Oihana Arana eta Maite Sarasola– Ane Labakaren gaiei erantzun beharko diete. Bertso saio berezi honek emango die bukaera Sorgin Jaiaken egitarauari.