Gau luzea izan da ostiralekoa

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 2a, 02:07

Parrandazaleen egun kutuna da ostirala eta jai ekimen luzexeagoa zuen gaurkoak, esna jarraitzeko musikaz betea, festarako gogoa pizteko erritmoarekin. Guztiek topatuko zuten beraien aukera eta larunbat goizaldeko jarduerekin lotzeko bidea.

Arratsaldean Motxila 21 ikusi dutenek ezustekoa izan dute Okendoko eszenarioan El Drogas agertu denean. Iluntzearekin batera plaza bete dutenak, berriz, espresuki, bera ikusi eta bereziki entzuteko gogoz bertaratu dira. Eta asebete dituela zirudien, ozen entzun baitira kantuen hitzak eta are gehiago txaloak.

Musikak oroitzapenak gorde ohi ditu maiz eta abesti ezagunen doinuek lagunduta, iraganera bidaia egin dute Isla plazan. Ia lau hamarkada dituen La década prodigiosa proiektuak dantzan jarri ditu bertaratutako lasarteoriatarrak abesti ezagunez osatutako errepertorioarekin. Adin media altuagoa, baina jende gaztea ere erakarri du laukoteak saioak aurrera egin duen neurrian.

Bien bitartean, Okendo ingurukoa kaleetan perkusio soinua nagusitu da. Dinbi Bandak gaueko bere lehen emanaldia egin baitu. Hamelingo txirulariaren antzera jarraitu diete herritarrek plazatik Kale Nagusiraino eta buelta. Erritmo hauek jarraituz dantzarako gogoz geratu direnek, aukera berri bat izan dute bi ordu geroago.

Ostiraletik larunbatera jauzia korrika egin dute Kale Nagusian bildu direnek. LOZETeko kideek hiru zezensuzko atera dituzte askoren harridurarako eta une batzuetan elkar gurutzatu dira su txinpartetatik ihes egitea zailduz. Lasterkalditxoak eginda libratu dira denak, ezohiko bideak aukeratzeak baten bat ezustean harrapatu badu ere. 

Barrena busti, atseden hartu edo norberak nahi zuena egiteko tartetxo baten ondoren, plaza berriz ere lepo bete da Zea Maysen kontzerturako. Zuzeneko indartsuan, laukote bizkaitarrak bere diskografiako abestiak errepasatu ditu entzuten aritu direnen ahotsek lagunduta. 

Gau alaiek goiza tristea omen dutela dio gaztelaniazko esaera zahar batek, hori goxatzeko, ordea, Gautxori txaranga eta txokolate jatea izango dituzte goizaldean jaiki, oheratu edo festa pixka bat luzatu nahi dutenek aukeran. Eta ausartzen direnentzat, xexenak.

Erlazionatuak

Okendo bete du El Drogasek

Txintxarri Aldizkaria 2022 uzt 02 Kultura

Dinbi Bandak parranda giroa piztu du

Txintxarri Aldizkaria 2022 uzt 02 Kultura

Zezensuzkoari ihesi aritu dira Kale Nagusian

Txintxarri Aldizkaria 2022 uzt 02 Kultura

Kontzertu jendetsua eman du Zea Maysek

Txintxarri Aldizkaria 2022 uzt 02 Kultura