Motxila bete jarduera eta trikimailu ostiral arratsaldean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 1a, 21:33

Festetako azken jolas saioa egin dute haurrek; apar festaz gozatu dute Isla plazan. Bi orduz aritu dira jolasean, etenik gabe. Izugarri gozatu dute, antzeman zitekeen hori euren aurpegietan. Zirikatzaileenek, berriz, xexenengandik ihesi egin nahian aritu dira korrika Sasoeta LHko patioan; batek baino gehiagok hastu du susto txikiren bat. 

Txarangak ere ez du hutsik egin. Joselontxok alaitu ditu gaur ere herriko kale eta txokoak, eta izan da horien atzetik dantzan aritzera animatu den herritarrik ere. LOZET konpainiako erraldoi eta buruhandiak ere irten dira haurren arratsaldea girotzera. Blas de lezoko lokalean egin diete harrera herritarrek, eta kalez kale ibili ostean, Sasoetan amaitu dute festetako azken desfilea.

Motxila 21

Somos la banda Motxila 21, y hemos venido a hacer mucho ruido...dio Iruñeatik etorri den artista taldearen kantetako batek, eta iragarritakoa bete dute, haiek bakarrik hasieran, eta El Drogasekin amaitzeko, ikus-entzuleei sorpresa ederra emanez. Argitaratu duten azken diskoa, Ama Lurra, aurkeztu dute.

Musika emanaldia bukatzear zenean hasi dira Maikel Moreno eta Francis Costela mota guztietako trikimailuak egiten, motorrekin. Freestyle Motocross emanaldia egin dute bi gidariek, Andatza plazara bertaratu den jende oldea zur eta lur utzita.

Erlazionatuak

Apar festaz gozatu dute haurrek Isla plazan

Txintxarri Aldizkaria 2022 uzt 01 Kultura