Haurrak izan dira arratsaldeko lehen protagonistak. Puzgarriz eta jolasez betetako parkean igaro dute tarte atsegina, jolas eta jolas. Xexenei zirikan eta horiengandik ihesi aritu dira gazteak Sasoeta LHko patioan; batzuek beste batzuek baino zorte gehiago izan dute, txilipurdiak ez baitira falta izan. Ondoren, erraldoi eta buruhandiekin batera ibiltzeko aukera ere izan dute. Atsobakarren izan dira gaur herriko bizilagun altuenak eta kaleetan barrena egindako bueltan, zaharren egoitzan geldialdia egin dute, bertan daudenentzat dantza egiteko.
Pilotazaleentzat ere izan da hitzordua. Jubenilen partidaren ondotik, pilotari profesionalek jokatu dute Loidibarren pilotalekuan, eta lepo bete da. Axier Arteagak eta bere kide Eskirozek norgehiagoka zaila izan dute Alberdi II eta Elizegiren kontra. Urdinek kontaketan aurre hartu dute eta ahalegindu arren, ezin izan dute tartea moztu. 18-22 galdu dute.
Oriarte Landaberriko gaztentzako gunean, berriz, Louh taldearen erritmoa dantzatu eta gozatu dute nerabe lasarteoriatarrek. Abesti ezagunen bertsioekin bete dute estalitako patioa eta saioak aurrera egin ahala gehiago izan dira kontzertuaz gozatzera bertaratu direnak.
Musika emanaldiak Jalgi kafe antzokian
Bi talde aritu dira Jalgi kafe antzokiko agertokian gaur; Txili Papar eta Bar Remigio hain zuzen. Azken talde horretako kideak hamabi urte eta gero aritu dira berriz ere oholtzan. Zaletu ugari bildu da tabernan eta antzeman da gozatu dutela; kanta ugari abestu dituzte, gorputzak mugitu eta tragoa edan duten bitartean.