Euriak baldintzatutako goiza

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 30a, 14:20

Dagoeneko atertu duen arren, eguna euritsu esnatu da eta San Pedro Jaietako jarduerak moldatu behar izan dira. Haur parkean ez da puzgarririk izan eta lerroko dantzak Maialen Chourraut kiroldegian egin dira. Eguraldiarekin arazorik ez dute izan, ordea, Intzako pilotariek San Pedro Jaietako finalak jokatu dituzte Loidibarreneko pilotalekuan

Eguna goibel hasi da. Euria mara-mara egin du lehen orduetan eta San Pedroetako giroa ezin izan da antzeman kaleetan.

Isla plazan haur parkeko mahai jokoak jarri dituzte parke estalian, baina puzgarririk ez da izan.

Okendo plaza ere hutsik egon da. Biyak Bat elkarteko kideek lerroko dantzen erakustaldia egin behar zuten bertan eguerdian. Lkeuz aldatu dute emanaldia, ordea. Maialen Chourraut kiroldegian bildu dira eta bertan erritmo ezberdinetako doinuak dantzatu dituzte abileziaz.

Bien bitartean, goizeko 11:00etan puntuan hasita, San Pedro Jaietako pilota txapelketako finalak jokatu dira Loidibarren pilotalekuan.

Maila ezberdinetako binakako hiru partida eta banakako batez gozatu ahal izan dute ikusleek:

  • Unai Olazabal eta Irai Jauregi - Arkaitz Lasa eta Itsaso Iparragirre.
  • Markel Lopez eta Eñaut Huzi - Ekhi Maiz eta Lier Fernandez.
  • Julen Bergara eta Markel Goenaga - Aingeru Racamonde eta Oier Jauregi.
  • Oier Elola - Beñat Larrarte.

Amaieran, Intzako kideek eta Txus Alonso kirol zinegotziak sariak banatu dizkiere gaztetxoei.

 

Erlazionatuak