Bazkalostean, puzgarrietara gerturatu dira berriz ere haurrak, eta ederki pasa dute; eguraldia freskoa egon arren, animatu dira jolasean aritzera. Xexen zaleek ere izan dute non gozatua. Sasoeta LHko patioan aipatu animaliengandik ihesi aritu dira ausartenak, eta batek baino gehiagok hartu du ipurdikoren bat edo beste.
Aterpeak San Pedro Egunerako antolatu ohi duen sardina janak ez du hutsik egin aurtengo San Pedro Egunean. Okendon egin dute eskaintza, eta herritar andana bertaratu da mokadutxo bat jan asmoz. Janak, normalean edana ere eskatzen duenez, Ttakun Kultur Elkarteak deitu duen sagardo dastaketan parte hartu dute horietako askok. Giro bikaina sortu da herriko plazan.
Jan edanean baino dantzan aritzea nahiago izan dutenak, berriz, minidiskoa izan dute Uzturre plazan. Dantza erakustaldi bikainak egin dituzte herritar ugarik, eta egindako dantzaldiak baloratu ditu epaimahai profesional batek. Amaia Gonzalez Caballero (Amaia Gonzalez Caballero dantza eskolako arduradun eta dantzaria), Ruben Arranz (Erketz EDTko dantzaria) eta Patricia Martin aritu dira lan horietan, eta Marbel ileapaindegiko arduradun Mari Marrek eman dizkie sariak irabazleei. Bi ordu eta erdiko iraupena izan du, afal aurreko tartea girotuz.