San Pedro eguna trikiti eta danbor soinuekin hasi da. Ttirriki Ttarrakako zein Extremadurako danbolin joleek erdialdea esnatu dute euren doinuekin.
Zaindariaren ohorezko meza egin da San Pedro parrokian; Erketz EDTk eta Alboka Abesbatzak parte hartu dute bertan.
Bien bitartean, haurrek eta gazteek Isla plazako puzgarrietan eta jokoetan gozatu ahal izan dute.
Okendo plazan, berriz, Extremadurako migak dastatu eta danbolin jotzaileen emanaldia izan da
Txingak, harri-jasotzaileak, aizkolariak, lasto altxatzeak, ingude jasotzeak... herri kirolez bete da Elizatze plaza.
Omenaldia
Azkenik, San Pedro Jaietako omenaldiak bete du Manuel Lekuona kultur etxea. Horretan Nagusilan elkarteko kideek 20 urtetan egindako lanarekin aintzatespena jaso dute Udalaren eta herritarren eskutik.
Zero Sette akordeoi orkestraren doinuek lagunduta, erraldoien dantza egin dute LOZETeko kideek eta Erketzeko dantzariek, berriz, agurra.
Alkateak euren lana eskertu, herrian martxan dituzten ekimenen berri eman eta elkarteak definitzen duen elkartasuna hitzaren garrantzia azpimarratu du. Nagusilani buruzko bideoa eskaini dute eta elkarteko kideek ere hitza hartu dute euskaraz zein gazteleraz. Nagusilanen emandakoa baino gehiago jasotzen dela nabarmendu dute eta deia egin diete herritarrei eurekin lan egiteko, batez ere, gazte jendeari. Era berean, omenaldia ez dutela ahaztuko ere adierazi dute.
Ekitaldiari amaiera emateko elkarteko kideak eta udalbatzarreko kideak oholtzara igo eta Lasarte-Oriako ereserkia abestu dute guztiek batera.