Zikiro jan ederra egin dute lasarteoriatarrek egunean zehar galdutako indarrak berreskuratzeko. Okendo plazan afaldu dute, giro ederrean. Omenalditxo bat egin diete gainera, urte luzez jakia prestatzen aritu direnei; izan ere, aurtengoa baita lan horietan arituko diren azkena. Lan horietatik erretiroa hartzea erabaki dute. Bertso bat abestu diete eskertza gisa afaltzera joandakoek. datozen urteetan erreleboa hartu nahi dietenei laguntzeko prest agertu dira.
Danbor hotsek hartu dute herria gero; gauerdia baino ordubete lehenago irten da Lasarte-Oriko danborrada Okendotik eta kaxkoan behar ibili dira gero. Ibilbidea hasi baino lehen, omenaldi xume bat ere egin diete danborradako bi kideri: Javier Zatarain eta Felix Telleriari. Ordu berean DJ Markelinen emanaldia hasi da Oriarte Landaberrin. Gazte ugari bertaratu da eta gustura astindu dituzte gorputzak.
00:00etan hasi da Duo Imperial musika taldearen emanaldia Isla plazan. Han ere herritar ugari batu da eta taldearen doinuak dantzatzera ausartu dira asko eta asko. Salsa, batxata eta bestelako doinuen erritmora dantzan trebetasun handia erakutsi dute agertokira irten direnek.
Giro bikaina sumatu da lehen gauean.
Jalgi kafe antzokian ere DJa
Jalgik ere musika emanaldiz osatutako egitarau erakargarria aurkeztu du sanpedroetarako, eta gaur gauekoa izan da lehen kontzertua. DJ Syr en musikaren doinuekin dantzatu dute bertaratu diren herritarrek.