Maite Labiano eta Jose Luis Mendiluzeri omenaldi xumea egin zaie Gure Patxintxi sariekin

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 28a, 14:03

Gure Patxintxi Sariak 2022 banatu dira gaur Udaletxe zaharreko balkoian. Ttakun Kultur elkarteak 2016 urtean abiatu zuen ekimena eta aurtengo sarituak erretiratu berri den pediatra Maite Labiano eta Jose Luis Mendiluze herritarra izan dira

Gure herriko pertsona maitagarriak berriz ere udaletxeko balkoian jaso dute omenaldia. Bea Egizabalek aurkeztu ditu aurtengo sarituak: Maite Labiano eta Jose Luis Mendiluze herritarra. Eskertza hitz batzuk esan dituzte eta Labianok osasun publikoaren aldeko aldarria eraman du balkoira. Ostean, oroigarrien txanda izan da; Labianok Egizabalen eskutik jaso ditu txapela zein bertsoa eta Mendiluzeri, berriz, bere iloba Aizpea Racamondek jantzi dio txapela.

Balkoira atera aurretik ordea, omenduak, senitartekoak eta lagunak udaletxeko bilera gelan bildu dira. Bertan Bea Egizabalek bi patxintxien bizitzako pasarteak ekarri ditu gogora. Mendiluzek gaztetan Afrikara joan zela edo Michelin eta Iñigo de Loyola kalean zegoen kartoi fabrikan lan egin zuela ekarri dio gogora. Labianori, berriz, Alegian hasi zuela bere ibilbidea eta gero Lasarte-Oriara aldatu zela. Eta bien arteko lotura ere aurkitu du aurkezleak. Mendiluze sendabelarretan aritua da; Labiano, berriz, osasun-langilea izan da 12 urtetan Lasarte-Oriako Zentroan. Aurkezle eta omenduen arteko solasaldi ederra izan da txupina hasi aurreko momentuetan.

Erlazionatuak