Hamabi urte daramatza Encarni Baztan Del Rio herritarrak Nagusilanen boluntario lanak egiten. Erizain aritu da lanean, eta ogibidetik erretiroa hartu zuenean hasi zen elkartean kolaboratzen. Bizitza aktiboa eraman nahian, zoriontsu sentiarazten du nagusiekin egon eta aritzeak, eta boluntariotzarekin bat egitera animatu nahi ditu lasarteoriatarrak. Batez ere gazteak, uneotan Nagusilanen ari diren ia denak hirugarren adinekoak baitira. Hunkituta dago bera kide den elkartea sanpedroetako omendua izango delako. Zilarrezko urteurrenean jasoko dute aitortza.
Nola bizi duzu omendu izatea. Ohorea da?
Ohore handia da, bai. Gainera, aurten bete dira 25 urte Lasarte-Oriako Nagusilan martxan jarri zenetik [Gogora ekarri nahi izan du Pello Artetxe Zulaika, bera izan baitzen bultzatzaile nagusia]. Hortaz, sanpedroetako omenaldiak data seinalatu horrekin bat egitea sekulakoa da guretzat. Gure taldea omentzea baino askoz gehiago da aintzatespen hori. Boluntariotza lanari egiten zaio aitortza, eta baita lan hori modu desinteresatu eta isilpekoan, eskuzabalki egiten dutenei ere. Sekulako indarra eman digu egiten dugunak merezi duela sinetsi eta aurrera jarraitzeko.
Udalak egingo dizue aitortza. Nolako harremana duzue erakundearekin?
Zerbait eskatzera edo jakinaraztera joan garenean beti izan ditugu ateak zabalik. Marta Goiaran zinegotzi zeneko urteetaraino egin nahi nuke atzera, haren laguntzarekin jarri baikenuen Jalgune Elkartea martxan Carlos Vegak eta biok. Eskerrak eman nahi dizkiot udalari, gugan pentsatu eta omenduak izateko aukeratzeagatik. Ez dut aipatu gabe utzi nahi Ramon Uribe-Etxeberria parrokoa ere. Hark ere eskatzen genion guztia ematen baitzigun.
Zer da Nagusilan? Zein helburu ditu?
Zahartze aktibo eta solidario baten alde ari den elkartea da, desiratua ez den bakardadearen aurka borrokatu, eta pertsona nagusien ahalduntzea aldarrikatzen du.
"Boluntariotza maitasun adierazpen bat da; hori agertzeko espazio bat"
Zenbat boluntariok osatzen duzue herriko taldea?
Egun 20 bat boluntario gara, ia denak hirugarren adinekoak. Gazteak behar ditugu, horien laguntza ezinbestekoa litzatekeela uste dugu. Saiatzen ari gara horiek elkartera erakartzen, baina ez da lan erraza izaten ari. Bide batez, tartetxo hau baliatu nahiko nuke horiei eta oro har gurekin aritu nahiko luketen herritarrei dei egiteko. Honako bide hauen bitartez jar daitezke elkartearekin harremanetan: 943 - 47 50 21 telefono zenbakia edota www.nagusilan.org helbide elektronikoa.
Zenbat urte daramatzazu zuk elkartean? Nola hasi zinen?
Hamabi urte egin ditut dagoeneko. Erizain aritu naiz, eta erretiroa hartu nuenean hasi nintzen Nagusilanen. Lanean ari nintzenean apenas nuen beste ezertan aritzeko aukerarik. Gerora, zertan aritu nahi nuen galdetu nion nire buruari, eta horrela hasi nintzen elkartean. Oso gustura nabil.
Zer eskaintzen dizu Nagusilanek?
Boluntariotza lana maitasun adierazpen bat dela uste dut, hori agertzeko espazio bat. Maitatzea ezinbestekoa da niretzat, eta bueltan ezer eskatu gabe maitatzen dugu boluntario lana egiten dugunok. Nagusilanekin parte hartzen dugun jardueretan nire aberastasuna eta indarra zenbaterainokoak diren ikusten dut. Entzuten ikasten dut eta nire arazoak, denbora batez bada ere, bazter uzteko ere balio dit. Zoriontsu sentitzen naiz.
Hildako kide baten esaldi bat esan nahiko nuke: eman eta jaso egiten duzu. Irribarre bat, esku estutze bat, besarkada bat. Honek ez du diru-zorroa betetzen, bihotza bai, ordea. Ez da esaldi hutsal bat, errealitate bat da. Jendeak boluntariotza modu horretan ikustea nahiko nuke.
"Boluntario lanari egiten zaio aintzatespena; poz handia da eta eskertuta gaude"
Zein jarduera egiten dituzue?
Askotarikoak. Gu, Lasarte-Orian Atsobakar egoitzako egoiliarrekin aritzen gara, eurek antolatzen dituzten ekimenetan kolaboratuz. Batzuetan konpainia egitera besterik ez gara joatean, bertako egoiliarrek kontatu edo esan nahi digutena entzutera; baina bestelako jardueretan ere parte hartzen dugu. Musikaz gozatzeko taldetxo bat sortu dugu, adibidez. Sei musikari daude, horien artean Jon Lasa. Abesbatza txiki bat ere osatu dugu, egoiliarrekin batera elkarrekin kantuan aritzeko. Niri musika izugarri gustatzen zait eta ipuinak ere kontatzen dizkiet; asmatu egiten ditut asko, baina tarte atsegin bat pasarazteko sortzen ditut. Beste hainbatetan galdetzen diet hegan egin ahal izango balute nora joango liratekeen, edota animalia bat izango balira zein izan nahiko luketen, hala, imajinarioa martxan jarri eta ariketa politak irteten dira. Euren parte hartzea bilatzen dugu. Abesteko ere zein abesti nahi duten galdetzen diegu, eta saiatzen gara, ahal den neurrian gorputza ere mugi dezaten. Nire buruarekin ere harritzen naiz askotan.
Orain, ostiraletan Froilan Elespe parkera irteten hasi gara urte sasoi honetako eguraldia aprobetxatuz. Bingoan eta kartetan aritzeko saioak ere egiten ditugu... Ondo ibili egitasmoan ere kolaboratzen dugu.
Ekimen berezirik egiten al duzue sanpedroetan?
Ez dugu jarduera berezirik antolatzen, baina txupinazoa ikustera lagundu izan ditugu zaharren egoitzako egoiliarrak hainbat urtez.
Eta zuk, nola bizi dituzu herriko jaiak?
Emakumeen Zentrokoak urtero antolatzen dituen egitasmoetan parte hartzen dut; jaietan eta inauterietan ere bai. Festak oso gustuko ditut, lagunekin elkartu, afaltzera irten eta zarata apur bat egitea ederra da. Nafarra naiz jaiotzaz, festazalea. Aurten ere ahalik eta gehien gozatzen saiatuko naiz; ahalik eta dantza gehien egin eta abesten. Ez dakit euskaraz, baina euskarazko abesti asko badakizkit.