Joseba Tapia: "Beste musikek ere erakartzen naute eta beldur eta lotsarik gabe haietara egiten dut salto"

Nerea Eizagirre 2022ko eka. 24a, 11:00
Joseba Tapia herritarra emanaldi batean trikitia joatzen. Arg.: Gaizka PeƱafiel.

Hilaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian, Joseba Tapia (Lasarte-Oria, 1964) musikagileak Adarra Saria jaso du. Donostia Kulturak bere ibilbide luzea, bere moldakortasuna edo herri-musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izana aitortu nahi izan dio. Harekin bildu gara eta, besteak beste, Egon edo ez egon azken diskoaren gainean hitz egin dugu. 

Zer suposatzen du zuretzat Adarra Saria jasotzeak?

Lehenik, oso jende garrantzitsua saritu dute. Beraz, talde horretan egotea ohore handia da.

Eta bigarrenik, ikusgarritasun falta dugunez, horrelako gauzak pozik egotekoak dira, berriro ere, ikusgarri egiten zaituztelako.

Ibilbide luzea egin duzu. Nola izan ziren zure hastapenak trikitiarekin?

7 urterekin fandango bat atera nuen eta denak pentsatu zuten: “Ostras, hau musikaria dator!”. 

Ni trikiti zale nintzen adin horretan. Nire bi osabak trikitilariak ziren eta nik hori nahi nuen. Baina trikitiak ez zuen fama ona. Kromatikoa zen fama ona zeukana gure osabentzat eta orduan, ni kromatikoa ikastera sartu ninduten. Hasieran pixka bat tortura izan zen, baina gero sartu nintzen mundu horretan. Hala ere, beti izan nuen trikitirako joera. 14 urterekin, nerabezaroan, aitak amore eman behar izan zuen eta trikitiarekin hasi nintzen. Ezin ninduen frenatu gehiago.

Eta hortik erromerietara egin zenuen…

Ez. Ikastolako lehen belaunaldikoa naiz ni eta festa guztietan jotzen nuen. Lehen filarmonika. Jaialdi bat ere antolatu genuen eta herriz herri ibiltzen ginen. Dantza taldeak zeuden herrian eta ni mundu horretatik atera nintzen. Agertokia ongi ezagutzen nuen. 

Osabarekin egin nuen urtebete eta gogoratzen dut Igeldon Balda izeneko trikitilari baten omenaldian egin nuela nire debuta. Bi urteren ostean, egingo nuen nik plazarako bidea. Beraz, 16 urterekin edo 17rekin, ni plazan nenbilen erromeriak egiten.

Esan behar da baserri mundua bizirik zegoela garai horretan eta baserri munduan trikitia kontsumitzen zen. Ez zegoen besterik: trikitia eta bertsolaritza. Mundu hori itxiagoa zen, baina ondo tratatzen gintuzten. Estimatzen gintuzten eta kontsumitzen zuten. Eta ordu asko jo behar izaten zen, baina hor ibilbide luze bat egin nuen.

Xabier Berasaluze Leturia-rekin bat egin eta erromeriako doinu zaharrak jotzetik berriak sortzera egin zenuten jauzia. Trikitiaren mundua eraldatu zenuten.

Aipatu moduan, lehen trikitia ez zegoen ongi kontsideratua. Baina aldaketa handia egon zen. Franco hil eta ondorengo urteetan halako berpizte bat izan zuen euskal kulturak, ikastolak… hor trikitia interesgarria bihurtu zen, nolabait esateko. Euskal sinbolo bezala ikusi zutela esan daiteke eta gu hor erdian topatu ginen. 

Ez hori bakarrik! Bat-batean mundu txiki batetik oso mundu handira pasatu ginen. Aldaketa asko izan zen urte horietan, komertzioa, frankofoniatik anglosaxoira pasatua ginen kulturan. Hor hasi ziren esango genuke komertzio basatiaren lehen urratsak. Eta gu hor bete-betean. 

Diskografikoki ere trikitia sartzen hasi zen. Oso gutxi zegoen diskoetan eta guri, Kepa Junkera eta beste batzuekin batera, trikitiaren munduaren berpizkundea egitea egokitu zitzaigun.

Gainera, gu ez ginen baserri mundukoak, gu kalekoak gara. Ni Lasartekoa naiz, kalekoa. Beraz, gure influentziak ere ez zeuden hain lotuak landa mundura. Rock eta mundu modernora lotuak zeuden. Ezinbestean gure sorkuntzek diferentzia markatu zuten, hasieran ez zen ongi onartua izan, baina denbora tarte txikian izan zen hori. Esan behar da oso ongi hartu gaituztela bai landa munduan eta bai bestelakoan.

Baserri munduan gauzak estatikoagoak ziren, baina guk ez genituen lotura horiek. Guk oro har garaiko musikarekin, rockarekin oso hartu-eman handia izan genuen nerabezaroan. Landa munduarentzat rock mundua zen eraso edo etsai. Horregatik, batzuentzat oso puskatzailea izan zen gurea. Guk gure barruan ez genituen gauzak horrela sentitzen. Baina ibilbide horretan guri titulu hori jarri ziguten eta horrekin geratu gara.

Musikari handiekin ere egon zinen lanean bakarka zein talde ezberdinetan.

Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Negu Gorriak… parean tokatu zitzaigun. Asko konektatzen genuen kantagintza modernoarekin eta ez ginen hain arrotzak haientzako. Baina bai sinbolikoki oso interesgarriak.

Laboaren kasuan, nik txikitatik ikusi nuen Laboa oholtza gainean eta oso zale nintzen Ez dok hamahiru eta gerora etorri ziren mugimenduekin ere. Eta aukera etorri zitzaidanean... ni sinistu ezinik nengoen eta oso gustura. Horiekin ibiltzeko gogotan.

Herri-ondarea kontserbatu eta zabaltzea egozten dizute.

Bai, hala da. Hala ere, Laboak, Ruper Ordorikak, Oskorrik, Benito Lertxundik… nahiz eta kantagintza modernoa izan, kantagintza tradizionala berreskuratu zuten. Beraz, oso ikuspegi zabala eta interesgarria zuten. Guri egozten zaigu, baina horiek dagoeneko ari ziren trikitia edo antzeko kantutegi tradizionala sartzen euren errepertorioetan. Nire ustez, haiek izan zuten argitasun hori.

Hiru Trukun, esate baterako, Ruper Ordorika eta Oskorriko Bixente Martinezekin bat egin nuen. Eurek hasiak ziren eta interes handia zuten aurreko doinuez, etab. Ni azkena sartu nintzen taldean. Baina edertasun hori guztia jan eta edan nuen. Balada tradizionalak aurkitzearena! Material horren guztiaren berreskuratzea izan zen lan handia.

Nire bakarkako lanetan ere hori berreskuratzeko aukera izan dut. Kantutegi zahar hori, ezkutuan egon dena. Zenbat erakusten duen kantuak berak. Askotan historiako klase bat baino hobea da.

Doinu eta hitz horiek aurkitzea zaila dela aipatu duzu.

Bai, guztietan lan handia dago. Hiru Trukuren kasuan, ahozkotasun lekukoak zeuden batzuetan, bestetan liburuetatik atera ziren. Agur Intxorta Maite diskoan, gerra militarreko testuak dira; oso tartekatuta eta bildu gabe zegoen materiala zen. Garai hartako aldizkarietan, soltean agertzen ziren kantuak.

Lan handia dago atzean, ez nik egin dudana. Jende asko dabil lan hauetan guztietan. Batez ere, idazleak. Eta gero guk titulua guretzat hartzen dugu. Karlistaden kantutegia argitaratua zegoen, nik musika jarri nien. Agur Intxorta Maite bilduman, Koldo Izagirrek egin zuen lan handia. Tximela Kapitainaren Izarrak diskoaren testuak ere argitaratuak zituen Antonio Zabalak Luis Rezola izeneko bertsolariak idatziak; bere bi liburuetan, bere bertsoen tartean agertzen zen bere kartzelaldia. Lana dago, lan interesgarria dago gure artxiboetan. Nik atal batzuk besterik ez ditut musikatu.

Koldo Izagirre aipatu duzu, zure ibilbidean Leturia eta Izagirre pertsona garrantzitsuak dira.

Bai, horrela da. Nik bi adarretan irudikatzen dut nire ibilbidea; bata, aitaren aldetik trikitia; eta bestetik, amaren aldetik kantagintza. Nire ibilbide diskografikoa ere bi ibilbide horietan egin dut. Bakarkakoa kantagintzaren ibilbidea dela esan daiteke.

Leturiarekin egin dut nire trikitiaren ibilibidea. Harekin mundu osoan ibili naiz. Txapelketak irabazi genituen, mundu diskografikoan ere biak batera joan gara; Tapia eta Leturia izan gara.

Bakarkakoan Koldorekin batera hasi nintzen. Azken diskoarekin bezala Koldoren eskutik joan naiz. Lehen hartan ipuin bat sortu genuen eta zuzenekoak ere biok batera egiten genituen. Eta geroztik talde berekoak gara. Ez gara belaunaldi berdinekoak baina kantagintzak elkartzen gaitu. Elkarri kaskoa berotzen diogu eta “hau kantatu beharra zagok” esanez abiatzen ditugu proiektuak.

Joseba Tapia, 'Testigantzak' liburuaren aurkezpenean.

Zure bakarkako ibilbidean esperimentazioa izan da nagusi.

Jende askok trikitiaren munduarekin lotzen nau bakarrik, baina beste musikek ere erakartzen naute. Eta beldur eta lotsarik gabe haietara egiten dut salto.

Gero testuak musikatzerako garaian libreago ibiltzen naiz. Testuari dagokion mundu sonoro bat sortu eta egokitu. Zenbat eta erregistro gehiago eduki hobe. Dena den ez da matematikoa eta intuizioak agintzen du azkenean. 

Eta instrumentu ezberdinak ere jo dituzu edo erabili dituzu.

Bai, hori da. Instrumentu gehiago erabili ditut, ez nik jota beti, musikari ezberdinekin egin dut lan. Musikari onekin ibiliz gero gero norbera ere maitemindu egiten da eta ausartu. Baina ez dugu denerako balio eta horregatik laguntza eskatzen diet. Azkenean lan kolektiboa da gurea. Denen artean janzten dugu kantua. Horrek azken emaitza oraindik ederrago bihurtzen du.

Zigilu propioa ere baduzu, Zakurraren biolina. Zergatik pauso hori?

Diskoen mundua izugarri aldatu da. Nik diskorik grabatzen ez zen garai ezagutu dut, gero industriaren sorrera eta desagertzea, teknologia berriak, formatu aldaketak… Bizi iraun ahal izateko asmatutako soluzioa da autoekoizpenarena. Ez da soluzio definitiboa.

Halabeharrez etorri den irtenbidea izan da. Uste dut ez daukagula ondo antolatua azpiegitura hori guztia. Ez da erraza eta aktore asko daude tartean. Enpresa asko dago atzean espazioak okupatzen. Konsumitzeko modua ere aldatu egin da. Orain dena telefonoz konsumitzen da. CD-ak ez dauka zentzurik. Ez du oparitzeko ere balio. Hortik dator diskoetxeen erortzea. Lehen diskoetxeekin tratua genuen eta salmentetatik ehuneko txiki bat guretzat izaten zen. Horrela errekuperatu ahal izaten genuen egindako gastua. Telefono konpainiekin ez daukagu interlokuziorik. Dena berentzako izaten da. Eta gu esku hutsik.

Diskoetxeetatik kanpo zaudete, orduan?

Bai, hori da. Zigilua da bakarrik, ez da diskoetxe bat. Ez naiz beste artisten diskoak ekoiztera dedikatzen.

Orain gauzak asko aldatu dira. Jendeak etxean grabatzen ditu diskoak. Teknologiak aukera hori ematen du.

Dena den, horretan ere, argazki kamerarekin bezala gertatzen da. Aparatu izugarriak ditugu, baina argazki onak ateratzea beste kontu bat da. Musika ere gauza bera da. Zuk grabatu dezakezu, baina soinu ingeniari baten jakinduria beharrezkoa da. Jonan Ordorikarekin grabatzen ditut diskoak aspaldiko urtetan eta eskerrak berari.

Diskoez ari garela, azken diskoa Egon ala ez egon abenduan aurkeztu zenuen Durangoko azokan, baina oraindik ez duzue egin aurkezpen ofizialik. Ekainaren 21ekoa izan da hori?

Bai, bitartean eman ditugu kontzertu batzuk proba modura. Arrankea orain egin dugu Victoria Eugenian Adarra saria dela eta. 

Azken diskoa talde lana dela diozu...

Bai, halaxe da. Nik gauzatxo batzuk egiten ditut, baina dena ez. Ekipo eder bat dabil nirekin eta eskerrak haiei. Saria guztiona da ezinbestean. 

Nik ideia bat ematen dut, gauza batzuk idazten ditut, baina hori gero praktikara eramaten sorkuntza lan handia egoten da. 

Kritika txikiez beteta daude disko horretako hitzak.

Nire ustez konstante bat da Koldoren testuetan. Kantagintza umorearekin, kritikarekin lotua dago. Gustatzen zait Koldoren umore eta ironia.

Kantutegi zaharretan ere. Agur Intxorta Maite eta Tximela kapitainaren Izarrak diskoetan ere, egoera gogorrenean umorea aurkitu genuen. Horrek beste dimentsio bat ematen dio gizarte horri. Beste intelektual maila bat da. Ukendu bat ere bada, bizkarrera etorri zaizun ankerkeria guztiari aurre egiteko balio duena. Baina kasu, umorea arriskutsua ere izan liteke. Umorea oso gauza serio da.

Azken disko horretan soinu handiarekin zenuen gatazka konpondu duzula irakurri dut.

Bai, berriro maitemindu naiz. Urte asko igaro dira, 14 urterekin utzi nuen eta orain 58 dauzkat. Pentsa zenbat urtetan ez dudan hartu.

Dena den, disko bakoitzak bere soinu-mundu behar duenez, guk askotan egin izan duguna edo baliatu dugun aukera da beste instrumentu batekin kantu hori bilatzea. Horrek askotan lagundu digu.  

Eta kasu honetan, soinu handia hartu nuen eta gero izan da bat-batean berarekin jotzeko gogoa. Moldaketak egiteko garaian asko balio izan dit soinu kromatikoak.

Soinu kromatikoa aipatu duzu, disko horretan semitonuak gora behera ibili zarela ere esan duzu.

Azken diskoan launakako armonietan ibili naiz bai ahotsetan baita musika tresnetan ere. Horrek lana eman dit. Beste batzuentzat ez da hain konplikatua, baina niretzat bazen konplikatua. Eta azkenean gustura geratu naiz.

Big band soinua duela aipatu dute.

Laukote armonia horiek ematen diote izaera hori. Ni musika tipo horien oso zalea naiz eta niretzat lanketa interesgarria izan da.

Tangoa eta pasodoblea ere txertatu dituzu diskoan.

Ni dantzaldietan hasi nintzen eta esango nuke hortik ateratzea dela dantzarako gogoa. Dantza erritmoena nire habitata edo nire arloa dela esan daiteke.

Estilo berriekin ausartzen zara, orduan?

Lotsarik gabe eta beldurrik gabe salto egin izan dut estilo batetik bestera.

Gaur egungo doinuekin eta taldeekin harremana duzu ere.

Bai, talde gazteekin ibiltzea beti da gozamena.

Laboa ere horrela ezagutu nuen, gustura gazteekin eta haiek mundu berria ezagutzeko irrika erakusten zuen.

Bederatzi disko grabatu dituzu bakarka, eta geratzen direnak, ezta?

Bai, hori da. Eta Leturiarekin ere beste bederatzi dira. Asko dira. Nire kuadrilakoek esaten zuten: “zer, beste disko bat?”.

Argi! Edade hoberenean nago. 

Hurrengoan lanean egongo zara dagoeneko.

Bai, horrela da. Diskoa grabatu genuenetik hilabete batzuk pasa dira eta zuk bitartean lanean jarraitzen duzu. Tartean zuzenekoak, aurkezpenak, etab. dituzu, baina zure burua lanean ari da. Eta gainera, horretara jarriak gaude, hori da gure lanbidea. 

Denbora behar da disko batetik bestera. Sorkuntza, moldaketak, ekoizpena, promozioa... luze jotzen du.

Baina orain azkar batean egiten da guztia.

Bai, orain di-da batean egiten da. Kantuka egiten dute gazteek. Kantu bat edo bi eta listo.

Badirudi jendeak ezin duela disko osoa irentsi, ez du denborarik. Orain kontsumoa azkarra da. Hori nik galera bezala bizi dut. Nahiz eta kantua unitate bat den eta kantuaren bila joan, diskoak osotasun bat erakusten du. Nik behintzat disko baten neurria behar dut, bestela erdi bide batean geratzen da.

Niretzako transmisioa ongi bermatua ez egotea pena bat da, eta sormenean jarraitzeko aukera ere ez dago bermatua. Presio handia da eta askok utzi behar izaten dute, lastima da. Gauza interesgarriak albora geratzen dira.

Bestelako lanak ere egin dituzu urte hauetan guztietan. Esate baterako, Islada Ezkutatuak taldearekin bat egin duzu euren aurkezpenetan.

Hor lana beraiek egin dute. Baina lotura zuzena zegoen nire diskografiarekin eta euren lanarekin. Lagunak ditut txikitatik eta konexio handia dago.
Gauza gehiago egin beharko nituzke. Usurbilera joan nintzen bizitzera. Baina lotura dut oraindik. Beti izango naiz Lasartekoa.

Azken diskoaren bira hasiko duzue orain, noiz etorriko zara Lasarte-Oriara?
Oraindik ez dugu datarik Lasarte-Orian, baina Lasarten aurkeztu nahiko nuke, nire disko gehienak hemen aurkeztu ditut.