'Pozik nago laguna, iritsi da eguna...'

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 28a, 07:00

Pozik nago laguna, iritsi da eguna, biok elkar ikusiko duguna; atzo amets zirenak, beteko dira denak...abesten dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Egia da, pozik gaude, itxaronaldi behar baino luze eta neketsuago baten ostean bueltan direlako sanpedroak eta Sorgin Jaiak, beti ezagutu izan ditugunak, eta elkar ikusiko dugulako berriro txosna, kontzertu, herri kirol, bertso saio edo norberak nahi duen ekitaldian, ugari izango baitira aukeran hilaren 28tik uztailaren 2ra. Zenbatetan amestu ote dugun itzulera horrekin! Akabo ordutegi murrizketak, formatu txikiak, distantzia sozialak eta antzekoak, berriz ere kaleak festa giroz, alaitasunez eta kolorez betetzeko egunak datoz, elkarrekin gozatzekoak! 

Uztailaren 3an hitz egingo dugu, ajea fisikoa nahiz emozionala ez delako nolanahikoa izango, baina txintxarri-ko lantaldeko kideok ere behin eta berriro amestu dugu festen aurreko zenbaki berezian berriz ere jardueraz betetako egitarauak iragartzearekin, ospakizun egunetan protagonista izango direnak elkarrizketatzearekin, etxean jasoko duzuen 32 orriko agerkari ahalik eta erakargarriena egitearekin. Esan gabe doa hilaren 28tik uztailaren 2ra plazaz plaza eta kalez kale ibiliko garela kamerak eskuetan, aurtengo jaien berri gertutasunez eta euskaraz emateko, beti bezala. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu festetan jarduerak antolatu dituzten erakunde, eragile eta norbanakoei, haien eguneroko lana baita aldizkari honen (eta gainerako guztien, berezi ala arrunt izan) mamia. Eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu baita ere iragarleei, haien konfiantza eta laguntzagatik, eta berripaper honen orriei kolore ukitu berezia emateagatik. Bejondeizuela!

Luzamendutan ibili gabe, goza ezazue guztiok iristear diren ospakizun egunez, kendu hautsa blusei eta atera argazkiak kuadrillan, aurtengo sanpedroetan antolatu dugun lehiaketan parte hartzeko (informazio gehiagorako, irakurri 21. orria) eta festaren zurrunbiloan murgiltzeko! Nolanahi ere, gogoan izan edozerk ez duela balio, eta elkarrekiko errespetuak izan behar duela ospakizun ororen oinarri, guztion hobe beharrez. Gora San Pedro Jaiak! Gora Sorgin Jaiak! Gora Lasarte-Oria!