LGBTI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da ekainaren 28a, eta sanpedroak tarteko, aldarrikapen horrek ez du orain arte lekurik izan herrian. Hutsune hori bete, saretu, eta elkarri babesa emateko Trasnmaribollo plataforma osatu dute oraintsu. Kris Alvarez (Lasarte-Oria, 1979) eta Tasio Arrizabalaga (Lasarte-Oria, 1990). kideekin elkartu da txintxarri Bizi duten egoeraz eta mobilizazioaz haratago dituzten asmoez gehiago jakiteko. Horiek denak (eta gehiago) azaltzeaz gain, mezu argi bat zabaldu dute: konplexuak alde batera utzi, eta aliatu heterosexual guztiak joan daitezela manifestaziora.
Zergatik erabaki duzue Transmaribollo plataforma sortzea?
KRIS ALVAREZ: Ekainak 28aren harira sortu da. Deszentralizatu eta herrira ekarri nahi dugu manifestazioa, Lasarte-Orian ere bagaudela adierazi. Borroka hona ekarri, agerikoago egiteko.
TASIO ARRIZABALAGA: Deialdia Donostian egiten denean herritik beti hara joaten gara eta inbisibilizazio bat ematen da. Egun nahiko garrantzitsu bat da herrian, beti da festen hasiera, eta diluitu bezala egiten da. Horregatik, inportantea iruditzen zaigu protagonismoa hartzea eta aldarrikatzea hemen gaudela.
Alegia, Lasarte-Orian ere bazaudetela ikustarazi nahi duzue. Horregatik, Hemen gaude leloa?
T.A.: Ikusezintasunari aurre egin eta hori da mahai gainean jarri nahi duguna: herriko bollerak marikak, transak eta queer-ak hemen gaudela. Aurpegiak dauzkagula, izen-abizenak, hemen bizi eta lan egiten dugula, eta gure bizitzak hemen bizi nahi ditugula. Eta gurekin batera badaudela beste hainbat pertsona bide horretan gure aliatuak direnak, eta elkarrekin eraldaketa posible egin nahi dugula.
Borroka jarriko duzue erdigunean.
T.A.: Ez dugu nahi Orgulloaren martxa bat bere horretan, hau da, ospakizun bat, festa bat, inolako eduki politikorik gabe. Ez dugu Orgullo arrosa bat nahi. Ekainaren 28an zerbait zehatza ospatzen da: orain dela 50 urte baino gehiago New Yorken trans arrazializatuak poliziaren kontra oldartu zirela ezin zutelako gehiago. Guk nolabait esan nahi dugu hemen gaudela, borroka horretaz eta gure aurretik borroka egin duten guzti horietaz harro eta borrokan jarraitzeko prest gure ondorengoentzat ere.
Zein da egoera herrian?
T.A.: Ez dugu sekula eduki berariazko mugimendu antolaturik herrian. Gure bokazioa oraingoz txikia da, gure buruari ez diogu jarri nahi inoren ordezkaritza, baina iruditu zaigu badela momentua aurrera pauso bat emateko, gure buruaren aurpegia jartzeko eta esateko: "Gu gara, hemen gaude".
K.A.: Atzetik gatoz, lehen ez zen hain bisiblea, denborarekin gero eta gehiago garela uste dut. Elkartu garenak adin aldetik anitzak gara, 20 eta 58 urte artean, belaunaldi desberdinak, eta horrek poza ematen du.
LGBTIQ+ fobia agerikoagoa al da?
K.A.: Eskuin muturraren eraso diskurtso hori askoz indartsuago entzuten da eta ematen du askatasun gehiagorekin eraso dezaketela.
T.A.: Ez dakit hazi den edo lehen ezkutuan zegoen, diskurtsoa polarizatuago dagoela esango nuke. Ebidentzia bat dena da LGBT pertsonok jasaten ditugun erasoak, mehatxuak, irainak... edo horien salaketak hirukoizten ari direla; lehenago akaso salatzen ez zelako. Eta gainera, ikusten ari gara berez aliatuak beharko luketen beste hainbat pertsona, bere burua feministatzat daukatenak, bide horretan lagundu beharrean harri txintxarrak jartzen dabiltzala. Gorrotoa mahai-gaineratuta, erasoak bereziki modu bortitz batean pairatzen dituztenak transak dira. Horri guztiari aurre egiteko momentua da. Horrelako diskurtsoek ez daukate kabidarik gure herrian, Sorgin Jaietan, ezta sanpedroetan ere. Horretarako antolatu gara eta gatoz festetara.
Plataforma kolektiboaren saretze eta babes gune izatea ere nahi duzue.
T.A.: Elkartzeko bokazioa hori zen. Herriko transmaribolloek ez dugu espaziorik partekatzen, ez daukagu sarerik. Batu garen taldetxo horretatik haratago egon daitezkeen pertsonak etortzeko eta gure artean ezagutzeko espazio bat.
K.A.: Herriko transmaribollo orok ateak zabalik ditu.
"Helburuekin bat egiten duen oro deitzen dugu gure borrokara batu eta parte hartzera"
Jarrera neutrala utzi eta zuen ekintzetan parte hartzera deitu dituzue lasarteoriatarrak.
T.A.: Guretzat oso garrantzitsua da aldarrikatzea borroka hau ez dela gure borroka bakarrik. Gu borrokan ari gara herriko transmaribolloen eskubideen defentsan, baina hori bat dator emakumeen eskubideen defentsarekin, langileenarekin, pertsona arrazializatuenarekin... Gizarte hobe bat eta bizitza bizigarriagoak eraiki nahi ditugun pertsonen eskubideen defentsarekin bat dator.
K.A.: Nahiz eta bere burua transmaribollo bezala ez identifikatu, helburu horiekin bat egiten duen oro deitzen dugu gure borrokara batu eta parte hartzera. Batzuetan badirudi ez naizela eta ez doala nirekin, baina denok dauzkagu LGBT lagunak, senideak edo lankideak.
Nola egin aurre neutraltasunari?
T.A.: Kontzientzia lan bat eginez eta zalantzan jarriz heteroa, heteroaraua edo heterotasuna dela posizio normatiboa, legitimoa, normala eta gainerakoak garela disidenteak. Gaur egun disidenteak gara, tamalez; harro gaude gure disidentziaz eta hortik egiten ditugu aldarrikapenak, baina borrokatzen dugu disidenteak ez izateko. Sexu-genero identitatea eta norekin oheratu nahi dugun ez izateko diskriminaziorako elementu bat.
K.A.: Gure sexu joera ez epaitzea.
Ekainak 28tik aurrera zer asmo duzue?
K.A.: Duela bi hilabete-edo elkartu ginen egun horri begira, nahiz eta beste helburu batzuk ere baditugun. Ilusio handiarekin bildu gara, uste dut gauza politak egiten ari garela eta bagoazela aurrera. Oraingo helburua hori da, ea nola ateratzen den; baina aurrera begirako zerbait ere bada, ikusiko dugu ze dinamika jarraitu edo ze jarduera egin.