Dinbi Banda, 10 urte instrumentuak eta kaleak astintzen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko eka. 24a, 15:00

Dinbi Bandako kideak Zumaiako festetan izan ziren apiril amaieran. Argazkia: Dinbi Banda.

Ia bi urtez geldirik egon ostean, Dinbi Banda batukada talde lasarteoriatarrek entsegu eta emanaldiei berrekin die aurten. Horietako bat San Pedro Jaietan egingo du, uztailaren 1ean, bitan banatuta: 23:30ean aurrera eramango du lehen saioa, eta 02:00etan bigarrena, biak Okendo plazatik abiatuta. Horrez gain, 10. urteurrena ospatzeko ekitaldiak lotzen ari da, irailaren 24rako. Egun osokoa izango dira egitaraua eta festa.

Bakarrik, herriko eragileren batekin elkarlanean, Lasarte-Orian bertan, Euskal Herrian zehar, bertatik kanpo... Dinbi Bandaren doinu eta erritmoak gure belarrietatik sartu eta bihotzetaraino iritsi dira, eta, ohartzerako, batukada talde horrek 10 urte beteko ditu. Estatutuei erreparatuta, aurtengo abenduan itzali beharko lituzkete kandelak, orduan eratu baitziren ofizialki euskara sustatzea helburu zuen aisialdi elkarte gisa, baina ordurako arituak ziren Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolaren hamargarren urteurrenean, 2012ko San Pedro Jaietan edo Euskararen 8. Maratoian, adibide batzuk jartzearren.

2012ko maiatzean, Kukuka eskolaren hamargarren urteurrenean jo zuen Dinbi Bandak. Lehen emanaldietako bat izan zen. Argazkia: Dinbi Banda.

 

Pandemiak estu hartu du gizarte osoa, eta kaleak girotu eta alaitzeaz arduratzen diren taldeak, zer esanik ez. Bi urte igaro ditu geldirik Dinbi Bandak, eta aurten hasi da berriro martxa hartzen. 22. Korrikan eta Zumaiako festetan jo ostean, sanpedroetan egingo dute emanaldia, uztailaren 1ean, gauean: 23:30ean aurrera eramango dute lehen saioa, Okendo plazatik abiatuta, eta 02:00etan errepikatuko dute, toki beretik hasita. Nork ez ditu gogoratzen COVID-19aren aurreko azken festak, eta taldearen atzean sortu ziren ilara luzeak? Bada, beste gauza askorekin batera, aurten itzuliko dira. 

Urtemuga biribilaren aitzakian, Dinbi Bandako hiru kiderekin elkartu da TXINTXARRI: Isa Fernandez de Agirre, Cristina Pinedo eta Roberto Fernandezekin. Hiru horiek ari dira 10 urteen ospakizun ekitaldiak antolatzen: jakinarazi dute irailaren 24rako (larunbata) egun osoko programa prestatzen ari direla, mimoz eta ilusioz. Hori ez da mintzagai bakarra izan: sorrera, emanaldiak, gaur egungo egoera, lokal baten beharra...ere izan dituzte hizpide, eta nola ez, anekdotak, ordenagailu eramangarri batean argazki historikoak ikustetik oroituak. Izan ere, 10 urte ez dira egunero betetzen, eta askorako ematen dute.

Dinbi Bandak irailaren 24an ospatuko ditu 10 urteak, egun osoko egitarau batekin

Tailerretatik, taldea osatzera

Ttakun Kultur Elkarteak zenbait batukada tailer antolatu zituen 2011n. Horrek bultzatuta, talde bat eratzea erabaki zuten, eta 2012ko abenduan erregistratu zituzten estatutuak, Dinbi Banda aisialdi elkarte gisa. Nondik dator izen hori? "Bagenituen hautagai batzuk, baina azkenean Dinbi Banda aukeratu genuen, danborra [batukadetan erabiltzen den instrumentu bat] eta taldearen arteko hitz joko bat egiteko, onomatopeia itxura zuen izen bat nahi genuen". Antza denez, hizkiekin eratutako trikimailu horrek nahastu egin izan ditu emanaldien antolatzaileak, egitarauetan behin baino gehiagotan tokiz aldatu dutelako letra bat, eta "Dinbi Danba" taldearen saioa iragarri.  "Horiek ez gara gu", ohartarazi du Fernandezek. 

Elkarte gisa sortu zirenerako saio batzuk eginak zituzten, herri mailan batez ere. Hilabete gutxi batzuk zeramatzaten martxan, baina berehala izan zuten aukera plaza eta areto handiak ezagutzeko: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin batera joan ziren Donostiako Kursaalera, Bilboko BECera, Gasteizera, Tolosara... "Izugarrizko esperientziak izan ziren horiek guztiak", oroitu dute Fernandez de Agirre eta Pinedok.

Orduz geroztik, emanaldi eta kolaborazio mordoa egin ditu Dinbi Bandak, gonbidatu zein antolatzaile gisara: esaterako, 2013tik 2015era Euskal Herriko Batukada Topaketak egin zituen Lasarte-Orian, toki askotatik etorritako taldeekin batera. Hurrengo bi aldiak Zornotzan eta Arrasaten egin zituzten, eta Manresara (Katalunia) ere joan izan dira zenbait urtetan. Elkarrizketan zehar beste hainbat toki aipatu dituzte: beste hainbaten artean, Ibarra, Lezo, Orio, Zarautz, Zumaia, Irun, Donostia...eta baita Uztaritzeko inauteriak ere, Ipar Euskal Herrian! Kazetaria bera ere harritu da toki horiek guztiak entzutean, Dinbi Banda ikaragarri mugitu izan denaren seinale. "Ezkontza eta enpresa afari batzuetara ere joan gara". 

Espazio eske

2020ko martxoan lehertutako pandemiak eten egin zuen Dinbi Bandaren martxa. Ia bi urte eta gero, aurten hasi dira kideak berriro egurrean, sekulako ilusioz, baina ez nahiko luketen baldintzetan. Entseguak ostiral arratsaldeetan egiten dituzte, irailetik ekainera, Sasoeta LH ikastetxeko gimnasioan. "Urteroko borroka da udalari lokal bat eskatzea; aurten ere sartu dugu instantzia bat erregistroan, ea zer erantzuten diguten", azaldu dute Fernandez de Agirre, Pinedo eta Fernandezek. "Ez dugu sekulako espazio bat nahi, baina gutxienez bai gure instrumentuak gordetzeko leku bat; gaur egun, taldekide ohi baten garajea erabiltzen dugu horretarako". Hasieran, Ttakun KEren musika tresnak erabiltzen zituzten, Euskadi Gaztea irratiak antolatutako Gaztea Parody lehiaketa irabazi zuten arte, 2012ko azaroan. Poltsikoratutako 2.000 euroak inbertitu zituzten. Bi urte geroago, Euskararen III. Ginkanan gailendu ziren, Algortako bertso eskolarekin berdinduta.

"Urteroko borroka da lasarte-oriako udalari lokal bat eskatzea, espazio bat behar dugu"

Irailean, ospakizun berezia

Esan bezala, herriko batukada taldeak 10 urte beteko ditu aurten, eta egitarau berezia prestatzen ari da irailaren 24rako, larunbata. "Goizean, tailer ireki bat egingo dugu Okendo plazan, herritar guztiei zuzendutakoa; ondoren, batu-poteoa Lasarte-Orian zehar, 2012tik gaur arte taldekide izan diren 55 pertsonak elkartzeko; gero, horiek guztiek elkarrekin bazkalduko dute", azaldu dute. "Arratsaldean The Noise Makers eta Xilikonai taldeek joko dute Okendo plazan, eta festa gauera arte luzatuko da". Data hurbildu ahala emango dituzte xehetasun gehiago. Aurreratu dute argazki erakusketa bat ere egingo dutela, taldearen historia errepasatzeko.

Dinbi Banda eta batukada ezagutu nahi dutenek aukera dute taldearekin bat egiteko, Facebook edo Instagram bidez harremana egin edo dinbibanda@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Grina pizteko aukera paregabea izan daiteke sanpedroetan egingo dituzten saioetara joatea; beti egin izan duten bezala, den-dena emango dute kideek, eskuetan baba eta zauriak izateraino, gu gu guztion bihotzak betetzeraino. "Lasarte-Oria da onena".

Dinbi Bandako kideak, 2016an, Sasoeta ikastetxeko gimnasioan, instrumentu eta jertseak soinean. Argazkia: Dinbi Banda.
Erlazionatuak

Dinbi Bandaren batukada emanaldia

Txintxarri Aldizkaria 2019 eka 29 Gizartea