Sorgin Jaiak-ek eta aSUnak taldeak protokolo bat prestatu dute eraso matxistei erantzuteko

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 24a, 08:00

Hilaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko ditu herriak festa alternatiboak. Horren harira, eraso matxistei aurre egiteko protokolo bat egin dute aSUnak neska* gazteen taldeak eta Sorgin Jaiak-ek berak. 

Herriko kaleak "kolorez eta bizipozez" beteko direla adierazi dute, iristear direlako jai alternatiboak. Hala ere, zehaztu dute dena ez dela algara izaten: "Argi ikus daiteke, aisialdi espazioak berriro ireki direnetik, Euskal Herrian ere emakume, trans, bollera eta mariken aurkako erasoak ugaritu egin direla". Bi eragileen aburuz, gertaera horiek ez dira isolatuak. "Menderatu, bortxatu eta isilduak nahi gaituen sistema zisheteropatriarkalaren isla gordina dira". Horren aurrean, "urtero" egin izan duten bezala, jarraibide sorta bat prestatu dute, txosnen gunea espazio "seguru, anitz eta feminista" izan dadin. "Denok dugu hori zaintzeko ardura, ez soilik emakumeok". Gauzak horrela, eraso bat jasan edo ikusi duen edonori babesa eta laguntza emate aldera, puntu morera bertaratu ahalko dute. Bidenabar, 722 27 63 67 telefono zenbakia ere martxan jarriko dute. 

Espazio askeak aldarrikatu

"Kaleak eta gauak espazio askeak direla aldarrikatu dugu", esan dute bi eragileek. "Beldurrik gabe bizi eta gozatzeko eskubidea dugula irmoki adierazten dugu". Erasoen aurrean erabiliko duten arma autodefentsa feminista izango dela azpimarratu dute, eta "saretzen, elkar zaintzen eta babesten" jarraituko dutela.