Astebeteko sorginkeria prest dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 17a, 18:33

Lasarteoriatarrak bere akelarrera batzeko dena prest du Sorgin Jaiak-ek. Ostiral arratsaldean aurkeztu ditu aurtengo edabearen  osagaiak eta azken bi hamarkadetan bezala, arrakastatsua izatea espero du. Festaren metxari su emateko ardura eta aintzatespena Izan Iñurri eragileak izango du. 

Bi hamarkada daramatza Sorgin Jaiak lasarteoriatarrei jai alternatibo batzuk eskaintzen. 2022a ez da salbuespena izango. Egindako ibilbidea eskertu eta ospatzeko arrazoiak falta ez zaizkiela nabarmenduz hasi du Sara Etxeberriak egitaraua aurkezteko Okendo plazan egin duten aurkezpena. "Bidea urratu zutenei, urratzen dihardutenei eta etorkizunean urratuko dutenei eskerrik asko! Ez da lan makala izan 20 urte luzez jai eta aisia eredu alternatiboen aldeko apustuari tinkoari eustea". 

Ibilitakoa bezain garrantzitsua da ibiltzeko dagoena, horregatik, "belaunaldi arteko transmisioaren eta elkarlanaren fruitua" izango da aurtengo akelarrea; "herritik herriarentzat" sortua, feminismotik, aisialdi eredu berriak planteatu nahi dituzte, euskara oinarri hartuta, kontsumo eredu berriak landu, parte hartzea bultzatu eta bertako ekoizleen garrantzia mahai gaineratu.   

Halaber, azken bi urteetako pandemia egoerak gazteengan izan dituen ondorioetako zenbait gogoratu ditu. Hala nola, itxialdia, gazteen kontrako kriminalizazioa, errepresioa, harremantzeko, militantziarako eta aisialdirako espazio falta edota osasun mentala okertzea. Horrek guztiak erakutsi die gazteek "beharrezko" dituztela talde feministak, sare transmaribolloak, gune autogestionatuak, asanbladak eta aisialdi eta jai alternatiboez gozatzeko espazioak. Hortaz, premia horiei erantzungo dien aisialdi eskaintza oparoa prestatu dute ekainaren 28tik uztailaren 2ra bitartean.

Bestalde, "herriarentzat egin duten lana eskertzeko",  omendua Izan Iñurri kolektiboa izango dela ere ezagutarazi dute. "Minbizia besarkatuz, gugana gerturatzeko, gaiaren inguruko tabu guztiak kentzeko eta emakume askorentzat babesgune izateko egiten ari zareten lanarengatik. Eskerrak bihotzez", amaitu du Etxeberriak. 

Jarraian, Haizea Alvarezek jaietako ekimen zerrendaren berri eman du, zenbait ekitaldi nabarmenduz. Lehen eguna, hilak 28, LGBTIQ+ kolektiboaren aldeko eguna izango da. 20:30erako deitutako manifestazioari indarra emateko, txosnak itxi egingo dituzte ordu horretan. Uztailaren 1ak berrikuntza bat ekarriko du: patata tortilla lehiaketa. Parte hartu nahi dutenek, jai gunean bertan edo Jalgi Kafe Antzokian egiteko aukera dute. Azken eguna, berriz, elkartasun eguna izango da, eta,  besteak beste, euskal presoen aldeko manifestazioa egingo dute 13:00etan. 

Txosna gunearen muntaketan hilaren 27an eta 28 goizean egingo dute; kentzea, berriz, uztailaren 3an. 

 

 

 

Erlazionatuak