Eraso matxista eta LGBTI fobikorik gabeko sanpedroak helburu

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 20a, 12:47

Eraso matxista eta LGTBI fobikorik gabeko jaiak xede, sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du Lasarte-Oriako Udalak, San Pedro Jaien atarian. Jakinarazi du gainera, Espainiako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela aurten, 19.000 eurokoa eta laguntza horri esker osatu ahal izan dutela jokaera protokolo bat

Agustin Valdivia alkateak, Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Lourdes Acevedok, Emakumeen Zentroko koordinatzaile Maite Iglesiasek eta Gizarte Zerbitzuetako teknikari Sonia Zubizarretak aurtengo kanpainan egingo diren ekimenen berri eman dute.

Dagoeneko hasiak dira Jaiak errespetuz gozatu leloa daramaten banderatxoak zintzilikatzen kale argietan. Uztailaren 4ra arte mantenduko dituzte jarrita. Halaber, aurtengo jaiei begira osatu duten jokabide protokoloa ere banatzen ari dira herriko tabernetan (txoznara ere eramango dute). Horrekin batera, banderatxoen lelo bera duten ezpainzapiak ere emango dizkiete. Hilaren 24ra arte arituko dira lan horietan. 

Hilaren 25ean, berriz, Errespetuz jokatu lemapean zunba maratoia egingo dute. Okendo plazan izango da, eta hiru orduko iraupena izango du: 10:00etatik 13:00etara. 

Bi egun geroagorako, hilaren 27rako Emagin elkarteak autodefentsa feminista tailer bat egingo duela iragarri dute. 16:00etan hasi eta 21:00etan amaituko da eta Mercero gunean izango da.

Jaietako lehen egunean, berriz, hilaren 28an, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean Ezetz da ezetz autodefentsa kitak banatuko dituzte. Goizez zein arratsaldez jaso ahal izango dira aipatu sorta horiek Okendon. Egun berean, haurren zein helduen txupinazoan Jaiak errespetuz gozatu leloa duten puzgarriak botako dituzte udaletxeko balkoitik. 

Uztailaren 1 eta 2an, 00:00etatik 03:00etara Sexu bizi furgonetara kontsultak egitera edota informazioa jasotzera joateko aukera izango dute herritarrek. 

Protokoloa ere prest

Gerta daitezkeen eraso matxista edo LGTBI fobikoen aurrean herritarrek nola jokatu jakiteko jarraibide batzuk zehaztu ditu udalak. Adierazi du gisa horretako erasoen aurkako borroka "guztion ardura" dela. Horrela, errespetuan berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrerak bultzatzeko helburuarekin, honako protokoloa osatu du, eta hori jarraitzera gonbidatu ditu herritarrak:

  1. Argiak piztu
  2. Musika itzali
  3. Erasotzailea edo erasotzaileak lokaletik kanporatu
  4. Erasotua izan denari laguntza eskaini
  5. Min fisiko edota psikologikoa salatzeko 112 telefonora deitu, edo Hernaniko ertzain etxera (943-53 88 40)
  6. Errekurtso eta telefono baliagarriak eskaini:
    1. 24 orduko telefono bidezko laguntza: 900- 84 01 11/016
    2. Lasarte-Oriako udaltzaingoa: 943-36 24 42
    3. Lasarte-Oriako Gizarte Zerbitzuak: 943- 37 61 79
    4. Lasarte-Oriako Emakumeen Zentroa: 943- 36 39 58

Honako gomendio hauek ere eman dituzte: emandako kartela leku ikusgarri batean kokatzea; emandako ahozapiak erabilgarri jartzea; eta eduki matxista eta LGTBI fobiko musika, bideoak, jarrerak eta hizkuntza darabiltenak saihestea.