San Pedro Jaiak garbiak izan daitezen kontzientziazio kanpaina jarriko du martxan Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 17a, 10:15

David Mateos Zerbitzu Publikoetako arduraduna eta Agustin Valdivia alkatea kanpainan banatuko diren edalontziak eskutan dituztela.

Lasarte-Oriako Udalak FCC enpresarekin batera, Guztion Kontua da San Pedro Jaiak 2022 kanpaina jarri du martxan. Alkate Agustin Valdivia eta David Mateos Zerbitzu Publikoak saileko batzordeburuak aurkeztu dute ekimena

San Pedro Jaiak jai garbiak izan daitezen Lasarte-Oriako Udalak FCC enpresarekin batera Guztion Kontua da San Pedro Jaiak 2022 kanpaina sustatuko du. “Jaiak datoz eta horiek elkar errespetatuz aurrera eraman ahal direla kontzientziatu nahi dugu, bai herritarren artean baita garbitasunari dagokionez ere,” adierazi du David Mateosek.

Jarduera ezberdinak eramango dira aurrera kanpaina horretan.

Askatasunaren parkean gaurtik ekainaren 27ra arte karpa bat ezarriko da kanpainaren nondik norakoak azaldu eta bertan, “lurrean beira puskatuak ekidin eta hondakinak murrizte aldera”, edalontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte. Ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 14:30etik 17:30era izango da. Gainera, basoek Jaiak errespetuz gozatu! leloa daramate. Irudi horren bidez, Udalak jaietan zehar egingo den kanpaina horri ere ikusgarritasuna eman nahi dio.

Horrez gain, jaietako hainbat guneetan –Okendo plaza, Oriarte Landaberri BHIko patioko gazte gunea eta Andatza plaza–  beira eta plastikoa biltzeko edukiontziak eta komun publikoak jarriko direla jakitera eman dute.

Eta garbiketa zerbitzua ere indartuko dela nabarmendu du alkateak: “Jaietan egin ohi moduan garbiketa zerbitzua indartuko da eta lan egunetan, esate baterako, Kale Nagusia goizeko seitan hasiko dira garbitzen gero errepidea ireki ahal izateko”.

Lasarte-Oriako bizilagunek ekimenaren berri ematen duen esku orria jasoko dute etxean datorren egunetan.

Azkenik, urtean zehar herritarrek dituzten ohiturak jaietan ere mantentzeko deia egin dute udal arduradunek. “Lurrean beira puskatua egotea ez da atsegina, ezta kalean pixa egotea ere. Jaietan ere kaleak garbi mantendu behar direla kontzientziatu behar gara”.

Kanpainako karpa, Askatasunaren parkean.