Freestyle Motocross taldeak ikuskizuna egingo du sanpedroetan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 14a, 11:08

Ezker-eskuin: Larrea, Valdivia eta Alonso, aurkezpenean. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

Maikel Melero eta Francisco Costela pilotuek txundituta utziko dituzte herritarrak uztailaren 1ean, Andatza plazan, 20:00etatik aurrera. Lasarte-Oriako Udalak aurtengo sanpedroetarako antolatu duen jardueretako bat izango da motocross erakustaldi hori. 

Festetako egitaraua ez du aurkeztu udalak oraindik, baina apurka-apurka hasi da aurreratzen ekitaldietako batzuk. Andatzan izan dira Agustin Valdivia alkatea, Festak saileko zinegotzi Txus Alonso eta Fly Actions enpresaren ordezkari Iñigo Larrea. Azpimarratu dute gozatzeko moduko jarduera izango dela, eta pilotuek "aho zabalik" utziko dituztela lasarteoriatarrak, egingo dituzten akrobaziekin. Zehaztu dute arrapala eta harrera puzgarri bana jarriko dituztela; bien artean 22 metroko tartea eta 12 metrora arteko altuera izango dira. 

Hizlari eta DJ bana ekarriko ditu antolakuntzak, ekimena girotzeko. "Seguru gaude arratsalde ahaztezina izango dela", nabarmendu du Alonsok. 

Haurrentzat aukera

Melero eta Costelak ordubeteko saioa egingo dute, 20:00etan hasita. Trikimailuak egin bitartean, 3 eta 6 urte bitarteko haurrek parte hartu ahalko dute, jostailuzko motor edo antzeko batekin, eta kaskoarekin. Interesa dutenek Andatzako kioskoan eman beharko dute izena, 18:00etatik 19:00etara. Ikuskizuna amaitu ostean, bi gidari profesionalek autografoak eta argazkiak sinatuko dituzte.