Autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko helburuz, uztailaren 2an Higer lurmuturretik Creusera bitartean dauden Pirinioetako 300 mendi tontor argiztatzera deitu dituzte euskal herritarrak eta kataluniarrak bi herrietako zenbait eragilek. Lasarte-Oriari Igantzi herriko Unanua mendia argiz betetzea dagokio. Egitasmoaren berri eman eta lasarteoriatarrak parte hartzera animatzeko, girotze ekitaldia antolatu du Gure Eskuk.
Parte hartu nahi dutenek nahitaez izena eman behar dute jardueran. Eragilearen webgunearen bidez egin daiteke, baina gaur hori errazte aldera, informazio mahaian bertan aukera izan dute. Halaber, kamisetak erosteko parada ere izan da goizean zehar.
Jagoba Mendizabal eta Maitane Eizmendik azaldu dituzte ekintzaren nondik norakoak. Ondoren, Lierni Rekondok hartu du hitza, Earra bertso eskolako kideek egingo zutena azaltzeko. Lau ikaslek tontor batetik bestera zabalduko den mezua irudikatu dute, balkoitik balkoira. Plazaren alde banatan, aurrez aurre jarrita, bertsotan egin dute txandaka; lehenik banaka, eta ondoren, bikoteka.
Jarraian, Sorgin dantza egin dute. Horretarako prest eta jantzita zeudenekin batera, dantza egitera animatu diren herritarrak ere izan dira. Elkarren ondoan aritu dira hasieran, baina dantzak aurrera egin ahala, nahasten joan dira.
Amaitzeko, pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izan dute plazara bertaratu direnek.