'Gailurrak argituz' ekimena aurkeztu du Gure Eskuk

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 14a, 15:22

Pirinioetako 300 gailur argiztatuko dituzte uztailaren 2an. Higer lurmuturretik Creusera autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko ekintza. Lasarte-Oriari Igantzin (Nafarroa) dagoen Unanu mendia egokitu zaio. 

Herrien autodeterminazio eskubidearen alde nazioarteko komunitatearen arreta lortzeko xedez, Atlantikotik Mediterraneora joango da aldarrikapen ekintza, Euskal Herria eta Katalunia batuz. "Mezu argi bat bidaliko dugu Pirinioetatik mundura: katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu", azaldu du aurkezle lana egin duen Maider Galardi kazetariak. Demokratikoki adierazitako gehiengoaren borondatea errespetatzeko eskatu dute "estatu berri bat sortzearen alde egiten badu ere". 

Egitasmoa Kataluniako Assemblea Nazionala (ANC), Katalunia (FECC) Gure Esku, Omnium Cultural eta Errepublikaren Artistek-en laguntzarekin. Gogoratu dutenez, eragile sozialek elkarrekin antolatutako lehen mobilizazio herritarra da. 

"Herri gogoa berpiztea ezinbestekoa da". Eta bide horretan kokatzen da jarduera. Guztira 300 gailur argiztatuko dituzte. Helburua, ordea, "gailur handiagoetara heltzea da". Pirinioetako ekimena aitzaki hartuta, "erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika/sarea indartzea, dinamikara jende berria batzea".

Helburu horretan urratsak egiten hasteko, ekainaren 11n girotze egun bat aurrera eramango dute Lasarte-Orian. Uztailaren 2ko ekintzaren berri emango dute eta Sorgin Dantza handi bat antolatuko dute, beste jardueren artean. Halaber, Gailurrak argituz ekintzari buruzko informazioa eskuragarri izango da, baita kamisetak erosteko aukera ere. 

Gailur berdea

Euskal herritarrok 100 gailurretik gora argiztatuko dituzte uztailaren 2an. Herri bakoitzari gailur bat dagokio, Lasarte-Oriari Unanu (651m) egokitu zaio. Zailtasunaren arabera, berdeak eta gorriak bereiztu dituzte. Unanu berdea da, hortaz, "igoera/jaitsiera iraupena, ibilbidea, desnibela edo sarbideak bezalako ezaugarriak aintzat hartuz, ez dute aparteko zailtasunik, eta jende gehienarentzat izan daitezke irisgarriak. Ordubete-ordubete eta erdi artean aurreikusten dute tontorrera iristeko, norberaren sasoiaren arabera. Argiztatzeko farol bereziak, linternak, frontalak eta antzekoak erabiltzea aholkatu dute

Autobusa antolatuko dute. Norberak eramandakoa afaldu eta 23:00etan Txoria txori abestuko dute. Sanpedroak izango dira egun horietan eta joan ezin dutenentzat ekintza sinbolikoa egin nahi dute, "erronka kolektiboa eta parte hartzailea izan dadin". Okendon pantaila bat jartzeko aukera aipatu dute, tontorrean daudenak eta plazan daudenek elkarrekin abes dezaten.

Ekintzan parte hartzeko nahitaez izena eman behar da Gure Esku-ren webgunean. 10€ ordaindu behar dira: 5€ antolakuntza gastuei aurre egiteko eta beste 5€ erreskateetarako asegururako. Federatuek 5€ bakarrik ordaindu beharko dituzte.