Autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko helburuz, uztailaren 2an Higer lurmuturretik Creusera arteko Pirinioetako 300 mendi tontor argiztatzera deitu ditu herritarrak Gure Eskuk. Lasarte-Oriari Igantzin (Nafarroa) dagoen Unanua mendia egokitu zaio, eta egitasmoari buruzko informazioa eman eta motorrak berotzen haste aldera, girotze ekitaldia antolatu du Lasarte-Oriako taldeak. Bihar izango da, hilak 11, Okendo plazan, 12:00etatik aurrera.
Herriko Gure Eskuko kideekin hitz egin du TXINTXARRI-k, ez soilik Okendo plazako ekitaldiari buruz, baita Pirinioetako Bidea ekintzaren gainean ere.
Zer asmorekin antolatu duzue girotze ekitaldia? Zer aurkeztuko duzue?
Uztailaren 2rako antolatuta dagoen Piriniotako Bidea ekimenaren berri emateko eta giroa berotzen hasteko antolatu dugu. Ekimenean parte hartzeko izena eman behar da, eta egun hori baliatu nahi dugu mendira joango diren lasarteoriatarrek antolatu dugun egitasmoarekin bat egin dezaten.
Bertan aurkeztuko dugu zergatik antolatu den Piriniotako Bidea, eta zer egingo dugun mendian zein gure herrian bertan uztail hasieran.
Zer ordutan eta non izango da ekitaldia? Zer prestatu duzue?
Okendo plazan egingo dugu, 12:00etatik aurrera. Hasteko, ekimena zein helbururekin antolatu den azalduko dugu, zer egingo dugun Unanua mendian uztailaren 2an eta, Lasarte-Orian geratzen direnentzat, Okendo plazan.Ondoren, bertso saiotxo bat izango dugu balkoitik balkoira, bertso eskolako gaztetxoen eskutik. Segidan, Sorgin Dantza herrikoia, eta, bukatzeko, pintxoak eta sagardoa.
Ekitaldiak iraun bitartean mahaiak jarrita egongo dira, mendira joango direnek izena eman eta kamisetak erosteko.
Zein da Pirinioetako Bidea ekintzaren helburua? Zer aldarrikatu nahi du Gure Eskuk horren bidez?
Uztailaren 2an, kataluniar eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatu nahi dugu, eta nazioarteko komunitatearen arreta geureganatu. Mezu argi bat bidali nahi dugu: kataluniar eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Demokrazia eta askatasun kontu bat da.
Igantziko Unanua mendia egokitu zaio Lasarte-Oriari. Zaila izango da bertara igotzea?
Ibilbidea Igantzi herritik abiatzen da, eta erraza da, edonork egiteko modukoa, baita familian ere, haur eta guzti. Ordu eta erdi inguru behar da igotzeko.
Noiz abiatuko zarete bertara?
Uztailaren 2an, larunbatarekin, autobusa hartuko dugu Hipodromoan, 18:00etan. Igantzira iritsi eta gero, 19:30ean hasiko gara Unanura igotzen, martxa lasaian. Gailurrean afalduko dugu, norberak eramango du bere otordua eta taldeko kideok sagardoa eramango dugu. Mendia 23:00etan argiztatuko dugu, eta Txoria txori abestuko.
"Unanua mendira igotzeko bidea erraza da, ordu eta erdian edonork egiteko modukoa"
Ekimenarekin bat egin nahi duten herritarrek zer egin behar dute izena emateko?
Esan bezala, bihar eguerdian Okendo plazara bertaratuz gero, mahaietara joan eta bertan izango dituzte inskripzio orriak. Sarean ere posible da izena ematea, esteka honetan.
Nortzuk antolatu duzue Euskal Herria eta Katalunia lotuko dituen ekintza aldarrikatzaile hori?
Piriniotako bidea Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra da hau. ANC (Assemblea Nacional Catalana), FEEC (Federacio d’Entitats Excursionistes de Catalunya) eta Gure Esku gara antolatzaile, eta Omnium Cultural eta Artistes de la Republica, laguntzaile.
Egin da inoiz antzeko egitasmorik autodeterminazio eskubidearen alde? Zentzu horretan, uste duzue historikoa izango dela uztailaren 2ko Pirinioetako Bidea?
Izan dira horrelako ekimen puntualak aurretik, bai Katalunian eta bai Euskal Herrian, baina bi herriek elkarlanean antolatutako lehenengoa da hau, Pirinio osoa zeharkatuko duena. Honenbestez, historikoa izango dela esan dezakegu, bai.
"Katalunia eta Euskal Herriak elkarlanean egindako lehen ekintza da hau"