San Pedro Jaiak ohiko formatuan itzuliko dira aurten, eta baita Sorgin Dantza ere. Ekainaren 28an egingo duten emanaldia prestatzen hasi dira herritarrak: Okendo plazan egin dute aurreneko saioa. Hurrengoak hilaren 9, 14, 16 eta 21erako programatu ditu Ttakun Kultur Elkarteak, 20:00etan enparantza horretan bertan. Eguraldi txarra eginez gero, Oriarte Landaberri institutuko estalkian ariko dira.
Antolatzaileek nahi dute parte hartuko dutenen erregistro bat egin, eta, horretarako, eskatu dute 695 78 53 89 telefono zenbakira bidaltzeko WhatsApp mezu bat, eta honako hau zehazteko: izen-abizenak, telefonoa, eta bikotea edo taldekideak nor diren.