Itzuli dira Zabaleta auzoko jaiak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko mai. 27a, 14:57

Kazetariok, sarritan (gehienetan ez esateagatik), titular triste eta ezkorrak idazten ditugu. Badira, ordea, baikorrak direnak, ordenagailuaren aurrean esertzen denak gustura sartzen dituenak maketan. Hauxe da horietako bat: "Bi urte eta gero, bueltan dira Zabaleta auzoko jaiak". Ohi bezala, Zabaleta Auzolan elkarteko lagunek prestatu dituzte, mimo eta ilusioz, han inguruan bizi direnek ez ezik, lasarteoriatar guztiek goza ditzaten. Martxoan hasi zituzten bilerak, eta 2020tik festak egin ezin izanagatik "automatismo batzuk" galdu badituzte ere, elkarteko kideek beraiek azaldu dutenez, programa polita eta adin guztientzakoa ondu dute. 

Lau, hiru, bi, bat...hasi da atzeraka kontaketa. Hilaren 31tik ekainaren 5era arte ospatuko dituzte jaiak. Eskuorri batean jaso dute egitaraua, eta irakurtzen duenari ezagunak egingo zaizkio jarduera batzuk: bertsolarien emanaldia, erromeria eta proba misto nagusia, esate baterako. 

Noiztik da hasiera-hasieratik? Auzo elkarteko lagunek aditzera eman dutenez, 1988an hasi ziren festak antolatzen. "Garai horretan haurrak zituen jende gazte ugari elkartzen zen plazan, eta beharra ikusi zuten Zabaleta alaituko zuen jai herrikoi eta euskaldun batzuk egitea". Orduan ekin zioten, beraz, erromeriak antolatzen (1989an, esaterako, gerora oso ospetsu egin zen Kaxiano ekarri zuten); proba misto nagusia (txingak, lokotx biltzea, korrika egitea eta trontza), "hiruzpalau urtez baserrien beraien arteko lehia izan zena"; eta bertsolarien emanaldia, besteak beste. Horiez gain, batzordean urte gehien daramatzaten auzotarrek gogoratzen dute nola gaur egun Telleri-Gain auzotegia den lursail horretan kukaina egiten zen, eskalatuz igo behar zen makil bertikalaren proba alegia, eta puntan txorizo bat jartzen zuten.

1988an hasi ziren "auzoko jai herrikoi eta euskaldunak" antolatzen

Urteak joan eta urteak etorri, kide ugari sartu eta atera dira auzo elkartetik eta jai batzordetik. Historikoen artean, gogoan izan dituzte Antonio Blas eta Jose Migel Aranzadi, biak ala biak hilda daudenak, baina batez ere hasierako urteetan "funtsezko lana" egin zutenak auzoko jaiak aurrera eramateko. Lehenari aitortza egite aldera, Zabaletako betiko plazari (azken urteetan gehiago eraiki dituzte inguruan) bere izena eman zioten, eta bigarrenaren omenez makina bat urte daramatzate eskoba eta mus txapelketak egiten.

Azken urteetan asko hazten ari da auzoa, bizilagun berri ugari etortzen ari dira, eta "pozik" daude Zabaleta Auzolaneko kideak, horietako zenbait "oso prest" azaldu direlako elkartearen zereginetan lagundu eta festak prestatzeko. Horrez gain, azpimarratu dute "oso polita" dela ikustea festak egiten hasi ziren urteetan haurrak zirenak eta orain guraso direnak ere han izatea. "Anekdota eta bizipen eder ugari kontatzen dituzte".

Jaiak antolatzeko, lantaldeak egin dituzte. "Ostegunero elkartu izan gara, martxotik hona, 8-9 lagun". Egitaraua prestatu, eskuorrietan txukun-txukun jaso, eta herrian barrena banatu dituzte. Horrez gain, auzokideei zuzendutako ohar bat prestatu dute, abisatzeko hilaren 31tik ekainaren 5era "kantu, musika eta algara" izango dela nagusi Zabaletan. Festak auzo giro, errespetu eta alaitasunez ospatzeko deia ere luzatu dute. "Jende asko etorri da hona bizitzera, eta ez dituzte inoiz bizi izan festak. Espero dugu ulertuko dutela urtean behin besterik ez ditugula egiten, ea ez den arazorik izaten". 

Teresa sorgina 

Haurren jolasak, azken urteetan auzoko ereserkietako bat bilakatu den Gas gas abestia dantzatzea eta japoniar bonbak prestatzea. Horiek jaietako lehen eguneko jarduerak (egitaraua, hemen). Motorrak eta giroa berotzeko jarduerak izango dira. Hurrengo egunetan ere egingo dituzte, beste batzuekin batera. Festa, dena den, ostiralean lehertuko da, ekainaren 3an, Teresa sorgina menditik auzora jaitsiko baita orduan, bi urte eta gero bera ere.

"Teresategi mendian eraiki asmo zuten industrialdearen aurka protesta egiteko ekintza batzuk egin ziren, martxa bat tartean, eta, testuinguru horretan, erabaki genuen Teresa izena jartzea gure jaien ikur den sorgin horri; Alejandro Romok egin zuen". Gogoratu dutenez, 2005ean egin zuten jaitsiera aurrenekoz, eta orduz geroztik ez dute hutsik egin, azken bi urteetan izan ezik, COVID-19ak eragindako etenaldi behartua izan dela kausa.

Teresa sorgina 2005ean jaitsi zen aurrenekoz auzora. Aurten ere etorriko da.

 

Auzo osoan zehar ospatuko dituzte festak, jakina, baina gune nagusia frontoia eta alboko pista izango dira. Bertan jarri dituzte eszenatokia eta txosnak, elkartearen urteko jardunerako "diru iturri garrantzitsu" izango direnak. 

Frontoia eta auzo etxea

Zabaleta Auzolan elkartea festak egiten hasi eta urte gutxitara eratu zen, 1991ko abenduan. Hasiera-hasieratik, auzoa dinamizatu eta jarduerak egiteaz gain, bi eskaera egin izan dizkiote Lasarte-Oriako Udalari: biltzeko lokal bat (luzaroan, bizilagun baten garaje pribatuan elkartu izan dira kideak) eta frontoia behar zituztela. Urte askoren ondoren, eskakizun zirenak egia bilakatu dira. "Auzo etxea asko erabiltzen dugu, bilerak egiteaz gain ekimen eta hitzaldi batzuk egin ditugu honezkero". Pilotalekua 2018ko azaroan inauguratu zuten, eta orduz geroztik makina bat izan dira bertara pilotan, palan edo frontenisean jokatu dutenak.  2019ko jaietan egitura hori izan zen ospakizun gune nagusia, eta aurten ere hala izango da. 

Frontoia eta alboko pista izango dira festen gune nagusiak

Behin dena prest izanda, festa egunez gozatzea dute buruan auzo elkarteko kideek. Edonola ere, aurreratu dute, ondo bidean, Zabaletan errotuta dauden zenbait jarduera ere aurten itzuliko direla, esate baterako, Udazken Festa. 

Jarduera gehiago itzuliko dira aurten auzora, esate baterako, udazken festa

TXINTXARRI-rekin izan duten elkarrizketa bukatu aurretik, herritar oro gonbidatu dute auzora igo eta jaiez gozatzera. Behin eskatzen hasita, euririk ez egitea gustatuko litzaieke, ohikoa izaten baita ekain hasiera horretan, egun batez gutxienez, eguraldi txarra egitea. Dena den, ur tantak erori ala ez, festaren sugarra ez dute itzaliko. Ongietorriak izan zaitezte denok Teresa sorginaren akelarrera!

Erlazionatuak

Zabaletako jaiak, igande goiza

Beñat Lizaso 2019 eka 02 Gizartea

Baserri giroko jaiak, Zabaletako jaiak

Nerea Eizagirre 2012 eka 01 None